Itxi

Euroligako playoffak

Kirolbet Baskoniak bigarren partida irabazi eta kantxa faktorea bereganatu du

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Gasteiztarrak CSKA Mosku baino gehiago izan dira partida osoan, sdefentsan egindako lan bikainari esker. Hirugarren partida Buesa Arenan jokatuko dute, asteazkenean, hilaren 24an.

Arabarrek lan bikaina egin dute defentsan. Argzkia: Efe.

Kirolbet Baskoniak Moskuko CSKAren aurka jokatzen ari den Euroligako playoffetako kanporaketa berdindu du (1-1), bigarren partida 68  eta 78 irabazita, Vincent Poirierrek egindako neurketa bikainean.

Gasteiztarrak nagusia izan dira 40 minutuetan, aurkariari trantsiziozko jokoarekin min handia eginda. Poirierren jokoa ere erabakigarria izan da: 32 puntuko balorazioarekin amaitu du partida, 14 puntu eta 15 errebote lortu ostean.

Kanporaketako hurrengo bi partidak Gasteizen jokatuko dituzte.

Baskoniak hasieratik hartu du aurrea markagailuan, 2-8 jarri dira, eta lehen laurdena kontrolpean izan dute amaiera arte (18-27).

Bigarrenean, errusiarrak erreakzionatzen saiatu dira, 11 eta 0eko partziala lortu dute, baina arabarrek defentsan egindako lan bikainak aurretik mantendu ditu (37-42, atsedenaldian).

Tornike Shengelia kapitainak ere lan ona egin du, CSKAk hiruko saskiratzen portzentajea hobetzea lortu duen arrean, Corey Higginsi eta Will Clyburni esker.

Perasovicen taldeak min handia egin du kontraerasoan eta, horri esker, aldea handitzea lortu du, 52-66, Darrun Hilliardek hirugarren laurdeneko azken segundoan sartutako hirukoari esker.

Azken laurdeneko hasieran, arabarren abantaila 15 puntukoa zen arabarren alde. CSKAko jokalariak erritmoa bizitzen saiatu dira, emaitza iraultzeko azken saio bat eginez.

Azken minutuak

Momentu horietan, Baskoniak arazoak izan ditu erasoan eta 8 minututan sei puntu bakarrik egin ditu. Errusiarrek etekina atera diote egoerari eta 65-73 jarri dira amaierarako 2:12ra.

Azken minutuetan erasoan errebote asko lortu dituzten arren, Moskuko jokalariak ez dira ondo aritu kanpoko jaurtiketetan eta Baskoniak garaipen oso garrantzitsua lortu du, kanporaketa berdindu eta kantxa faktorea bereganatzeko: 68-78.


Fitxa teknikoa

68 - CSKA Mosku (18+19+15+16): Rodríguez (14), Higgins (15), Kurbanov (7), Clyburn (14) eta Hunter (4) -hasierako boskotea-, De Colo (6), Bolomboy (-), Peters (2), Ukhov (-), Vorontsevich (-), Hackett (2) eta Hines (4).

78 - Kirolbet Baskonia (27+15+24+12): Huertas (1), Shields (15), Garino (11), Shengelia (7) eta Voigtmann (4) -hasierako boskotea-, Vildoza (7), Janning (3), Diop (-), Poirier (14), Jones (-) eta Hilliard (16).




Albisteak (3)