Ez du jarraitzen
Hilliardek Baskonia utzi eta CSKAn jokatuko du
Erredakzioa
Darrun Hilliardek ez du Baskonian jarraitu. Hegaleko jokalariak urtebeterako kontratua sinatu du Moskuko taldearekin.
Darrun Hilliardek ez du Baskonian jokatuko. Hegaleko amerikarrak CSKA Mosku taldean jokatuko du datorren denboraldian. Bertan, taldekide izan duen Johannes Voiigtmannekin elkartuko da, talde errusiarrak duela astebete iragarri baitzuen jokalari alemaniarraren fitxaketa.
Hilliardek denboraldi baterako kontratua sinatu du CSKArekin. Jokalari estatubatuarrak denboraldi bat eman du Baskonian, eta erregulartasuna falta izan zaion arren, kalitatea duela erakutsi zuen tarteka.
Endesa Ligan, 10,8 puntu, 2,3 errebote erdietsi zituen batez beste eta jaurtitako hirukoen %43 sartzen zituen. Euroligan, aldiz, 9,3 puntu eta ia hiru errebote erdietsi zituen partidako.
Euroligako final-laurdenetan maila ona eskaini zuen Hilliardek, hain zuzen ere CSKAren aurka. Fuenlabradaren eta Joventuten aurka ere partida handiak jokatu zituen, Baskoniarekin jokatutako norgehiagoka baten erdietsitako puntu kopuru handiena lortuta, 24 punturekin.