Bigarren norgehiagoka
Kanaria Handia-Caja Laboral (76-93): Gasteiztarrak, finalerdietan
Erredakzioa
Olesonen eta Stanko Baracen lan bikainari esker lortu dute garaipena baskoniarrek La Rocako kantxan. Ivanovicen taldeak Bartzelonaren aurka jokatuko du finalerdietan.
Caja Laboralek finalerdietarako txartela lortu du La Rocan 76-93 gaindituz Kanari Handia. Olesonek eta Baracek gidatu dute arabarren erasoa eta Baskoniak, azken laurden paregabe bat egin ostean garaipena eskuratu du. Finalerdietan, Xavi Pascualen Bartzelona izango dute aurkari gasteiztarrek.
Ondo hasi dute norgehiagoka arabarrek, saskira begira fin ibili direlako Teletovic eta Oleson. Erritmo bizia ezarri dute kantxan Ivanovicen mutilek eta Jaycee Carroll ondo gelditu dute defentsan. Hala ere, kanariarrek Jim Moran bilatu dute erasoan eta etxeko taldea asko hurbildu da markagailuan (28-24).
Bigarren laurdenean Kanaria Handia partidan sartu da eta gasteiztarrak atzetik jarri dira markagailuan. Nelsonek saskiraketa erabakigarriak lortu ditu eta horiek 9 puntuko aldea lortu dute (37-28). Hala ere, Baskoniaren erreakzioa Baracen eskutik etorri da eta 41-41ekoa jarri du. Wallacek azken jaurtiketa saskiratzea lortu du eta atsedenaldira 43-41ekoarekin joan da norgehiagoka.
Hirugarren laurdenean intentsitate gehiago ezarri dute bi taldeek eta saskiraketa azkarrak lortu dituzte. Olesonek taldea erasoan gidatu du eta Caja Laboral partidan agintzen hasi da. Alaskakoak 56-61ekoa jarri du markagailuan eta gasteiztarrek aurrea hartu dute. Hirugarren partzialaren bukarean, 59-61 agintzen joan dira arabarrak.
Azkenego laurdenean Baskoniak erakustaldia eman du erasoan, hiruko lerrotik saskiraketa garrantzitsuak lortu baititu. Olesonek eta Teletovicek 64-79koa jarri dute euren saskiraketei esker eta norgehiagoka erabakita gelditu da. Ivanovicen taldeak une erabakigarrietan erantzuteko gai dela erakutsi du eta azken markagailua 76-93koa izan da.
Fitxa teknikoa:
76. Gran Canaria 2014 (28+15+16+17): Bellas (-), Moran (14), Wallace (9), Carroll (17) eta Rey (8) -hasierako bostekoa-, Beiran (7), Nelson (8), Borovnjak (9), Alvarado (4), Lopez (-) eta Bramos (-).
93. Caja Laboral (24+17+20+32): Huertas (11), San Emeterio (16), Barac (11), Teletovic (12) eta Oleson (21), -hasierako bostekoa-, Batista (2), Logan (2), Palacio (5), Ribas (8) eta Dragicevic (5).