ACB play-offak, finalaurrekoak
Regal Bartzelona-Caja Laboral (86-71): Aurreneko puntua, Barçarentzat
Erredakzioa
Baskoniarrek kale egin dute azken bi laurdenetan eta Kataluniako taldearen nagusitasuna erabatekoa izan da atsedenaldiaren ondoren.
Regal Bartzelonak ACB Ligako finalaurrekoetako kanporaketako lehenengo puntua eskuratu du Palau Blaugranan Caja Laboral mendean hartuta (86-71).
Lehenengo bi laurdenak orekatuak izan dira oso eta atsedenaldira puntu bat goitik heldu da Dusko Ivanovicen taldea. Hala ere, Boniface Ndongek (17 puntu eta 21eko balorazioa) eta Juan Calros Navarrok (17 punturekin) Bartzelonakoak garaipenera eraman dituzte.
Egungo txapeldunak hasieran azeleragailua zapaldu du eta 1-8ko partziala jarri du. Etxeko entrenatzaileak hutsartea eskatu du eta zama arindu ahal izan dute etxekoek.
Baskoniarrek min egin dute kanpoko jaurtiketekin, eta Bartzelonako taldeak ez du Teletovic gelditzeko baliabiderik aurkitu. Juan Carlos Navarroren lehen saskiratzea atsedenaldira heldu baino pixka bat lehenago heldu da.
Navarrok hirugarren laurdena ez sinisteko saskiratze batekin ireki du talde esnaraziz. Etxekoen liderrak kalitatezko ukitua eman dio partidari, 12 puntu goitik jarriz bere taldea.
Baskoniak gertu zuen garaipenak zelan ihes egiten zion ikusi du une hauetan. Barac eta Ribas saiatu dira Barça markagailuan estutzen, baina Bartzelonako taldeak lortu du errentari eustea.
Azken laurdenan, Bartzelonak garaipena lotu du eta kanporaketako lehenengo puntua erdietsi du. Bigarren partida igandean jokatuko da (12:30ean) berriz ere Palau Blaugranan. Ezberdina izango da.
Fitxa teknikoa:
Regal Barcelona: Sada (6), Navarro (17), Perovic (4), Lorbek (17), Anderson (17) –hasierako bostekoa-; Rubio (-), Grimau (2), Ingles (-), Morris (3), N''dong (17) eta Vázquez (3).
Caja Laboral Baskonia:: Huertas (15), Oleson (-), San Emeterio (2), Teletovic (23), Barac (17) hasierako bostekoa -, Ribas (5), Logan (3), Batista (4), Dragicevic (-) eta Palacio (-).
Partzialak: 18-19, 22-22, 32-20 eta 14-10.
Estatistikak.