Gaur, 19:00etan
Bajaz beteta dagoen Khimkiri egingo dio bisita Baskoniak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Chris Kramer, Timofey Mozgov, Evgeny Valiev, Egor Vialtsev eta Stefan Jovic izango ditu faltan Errusiako taldeak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kirolbet Baskoniak Khimkiren kontra jokatuko du gaur Moskun Euroligako bigarren jardunaldian (19:00).
Horrenbestez, arabarrek hegazkina hartu beharko dute bigarren astez jarraian, eta hurrengoan ere gauza bera egin beharko dute. Aurreko astean, Kaunasera (Lituania) bidaiatzea egokitu zitzaien, Zalgirisen aurka jokatzeko (58-70); hurrengoan, berriz, Istanbulera joan beharko dute, Fenerbahceren kantxara.
Ostiral honetako lehiarako Khimkik hainbat hutsune izango ditu lesioengatik: besteak beste, Chris Kramer, Timofey Mozgov, Evgeny Valiev, Egor Vialtsev eta Stefan Jovic jokatu ezinda geratuko dira. Horrez gain, Sergey Karasev eta Dairis Bertans ere min hartuta dabiltza, baina seguru asko jokatzeko moduan izango dira azkenerako. .
Aipatu hutsuneak gorabehera, Rimas Kurtinaitis entrenatzaileak goi-mailako jokalariak ditu bere esanetara, eta horren adierazle dira Alexey Shved, Anthony Gill edota Baskonian aritutako Janis Timma. Hain zuzen ere, beroriek izan ziren Makabiren aurkako garaipenean (89-83) ekarpen handiena egin zutenak.
Horiekin batera, NBAko Golden State Warriors taldean aritutako Jonas Jerebko hegaleko-pibot suediarrak edota Jeremy Evans estatubatuarrak barruko joko sendoa osatzen dute.
Gasteiztarren espedizioan Nik Stauskas kanadarra sartu da, nahiz eta bere parte-hartzea duda-mudan egongo den azken unera arte.
Errusiarren eta gasteiztarren arteko azken hiru neurketak Baskoniaren aldekoak izan dira, azkena joan zen urtekoa (77-85).