Itxi

Istanbulen, gaur, 19:45ean

Hirugarren irteera segidan Baskoniarentzat, zalantzekin dabilen Fenerbahçeren aurka

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Turkiako taldea txapelketa irabazteko faboritoen artean dago, baina galdu egin ditu jokatutako lehendabiziko bi partidak.

Youssoupha Fall Khimkiren aurkako neurketan. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak Euroligako kantxarik zailenetako bat bisitatuko du gaur (19:45), Istanbulgo Ulker, eta Fenerbahçe izango du aurkari bertan. Turkiako taldea txapelketa bereganatzeko hautagai nagusietakoa da, baina orain arte jokatu diren bi jardunaldietan beste horrenbeste porrot pilatu ditu.

Europako lehiaketa nagusian garaipena oraindik ezagutzen ez duten bost klubetako bat da Feneberhaçe. Real Madrilen aurkako estreinaldian lehiakor agertu zen, nahiz eta azkenerako galdu egin zuen (81-77). Harrigarriagoa izan zen, ordea, Serbiako Izar Gorriaren kantxan egindako lan eskasa (68-56).

Baskoniak, bere aldetik, etxetik kanpo jokatuko du berriro, txapelketako lehen bi jardunaldietan egin zuen legez. Lehendabizikoan, Kaunasen nagusitu zen (58-70), eta, ondoren, galdu egin zuen Moskun, Khimkiren aurka (79-76).

Oraingoan, Gasteizko taldeak aurkariaren zalantzak aprobetxatu nahi ditu garaipen handia lortzeko, eta, bide batez, Fenerbahçeren etxean jarraian galdutako lau norgehiagokei amaiera emateko.

Retabet Bilbao Basketen aurka Endesa Ligan galdu ostean (79-75), jokalariak suspertzeko beharrizana dauka Velimir Perasovicek. Baskoniako entrenatzaileak ez du jakingo azken unera arte Luca Vildoza joko-antolatzaile argentinarra jokatzeko moduan izango den. Badaezpada, Lautaro Lopez harrobiko jokalaria taldearekin joan da bere herrikidearen balizko hutsunea betetzeko asmoz.

Bestalde, Nik Stauskasek debuta egin dezake Baskoniarekin Europan, orain arte lesionatuta egon eta gero. Ligan aurreko jardunaldian izan zuen estreinaldia, eta ez zen batere ondo moldatu (-5eko balorazioa).

Turkiarren aldetik, Zeljko Obradovicek Jan Vesely barneko jokoan erreferentzia nagusia duena bueltan izango du; ez, ordea, Joffrey Lauvergne frantziarra.

Fenerbahçerentzat Nando de Coloren egokitzapen azkarra da orain arteko albisterik onena; izan ere, jokalari frantziarrak, batez beste, 20 puntutik gora lortu ditu orain arte jokatu dituen partidetan.

Albisteak (3)