EUROLIGAKO 3. JARDUNALDIA
Baskoniak ezin izan dio aurre egin De Coloren partida erraldoiari (87-80)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteiztarrek galdu egin dute Fenerbahçeren kantxan, eta laugarren porrota pilatu dute segidan, Endesa Liga eta Euroliga kontuan hartuta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kirolbet Baskoniak ezin izan dio Nando de Coloren erauntsiari aurre egin, eta galdu egin du Istanbulen Fenerhaçe Bekoren aurka, ostegun honetan jokatu den Euroligako hirugarren jardunaldian (87-80).
Eskolta frantziarra nahieran ibili da neurketa osoan zehar, eta txapelketako bere tope historiko pertsonalak ezarri ditu 39 puntu saskiratu eta 44ko balorazioa lortuta. Bere gidaritzapean, Turkiako taldeak lehen garaipena eskuratu du aurtengo txapelketan.
Gasteiztarrak norgehiagokaren lehian murgilduta ibili dira laugarren laurdenaren hasierara arte, baina amore eman behar izan dute azken 10 minutuetan, nahiz eta serio jardun duten neurketako tarte ugaritan.
Hala, Shavon Shields (17 puntu), Tornike Shengelia (18 puntu eta 23ko balorazioa) eta Pierrià Henry (15 puntu) jokalariak azpimarratzeko moduko ekarpenak egin dituzte.
Haatik, bestelako itxura azaldu dute taldeko pibotek: Eric (4 puntu sartu eta puntu 1eko balorazioa lortu), Fall (0 puntu eta -2ko balorazioa) eta Diop (0 puntu eta 0ko balorazioa).
Bere aldetik, Luca Vildoza, kantxan egon ahal izan da azkenean (16 minutu), eta hiru puntu lortu ditu. Alabaina, joko-antolatzaile argentinarrari deseroso antzeman zaio une oro.
Horrenbestez, Velimir Perasovicen taldeak lau partida galdu ditu jarraian, Endesa Liga eta Euroliga aintzat hartuta, eta garaipen bakarrarekin geratu da (lehen jardunaldian Zalgirisen aurka eskuratutakoa) etxetik urruti jokatu behar izan dituen lehen hiru jardunaldietan.
Izan ere, Euroligako laugarren jardunaldian egokituko zaio Baskoniari Buesa Arenan lehen aldiz aritzea. Datorren ostiralean, uztailaren 25ean, izango da hori, Olynpiakos izango baitu aurkari 21:00etan hasita.
Fitxa teknikoa:
87 - Fenerbahçe Beko (22+17+24+24): Sloukas (6), Westermann (3), Mahmutoglu (-), Williams (4) eta Duverioglu (4) –hasierako bostekoa–, Kalinic (7), Biberovic (-), De Colo (39), Vesely (9), Muhammed (7), Datome (8) eta Stimac (-).
80 - Kirolbet Baskonia (22+14+22+22): Henry (15), Stauskas (2), Shields (17), Shengelia (18) eta Eric (4) –hasierako bostekoa–, Vildoza (3), Janning (6), Diop (-), Fall (-), Garino (5) eta Polonara (10).
Epaileak: Matej Boltauzer (Eslovenia), Carmelo Paternico (Italia) eta Gytis Vilius (Lituania). Westermann (31. min) eta Fall (38. min) jokalariak kanporatu dituzte.