Gaur, 20:45ean
Baskonia, Asvel Villeurbanneren gotorlekua pitzatu asmoz
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Frantziako taldeak aurtengo denboraldian bere kantxan jokatu dituen neurketa guztiak irabazi ditu, bederatzi guztira.
Kirolbet Baskoniak Asvel Villeurbanneren kantxa bisitatuko du gaur, Euroligako bi jardunaldi hartuko dituen aste honetan.
Frantziako taldea bueltan da Europako txapelketa nagusian 15 urte eta gero, eta oso sendo ageri bere etxean; izan ere, besteak beste, txapelketan parte hartzen ari diren Greziako talde biak (Panathinaikos eta Olympiakos) azpiratu ditu bertan.
Gainera, Zvezdan Mitrovicen taldeak ez du neurketarik galdu Frantziako ligan jokatu dituen zazpi partidetan. Horrek agerian uzten du taldearen sendotasuna, batez ere bere publikoaren aurrean jokatzen duenean.
Baskoniak, bestalde, azken bi neurketetan lortutako garaipenek emandako hauspoarekin -ACB Ligan, Iberostar Teneriferen aurka (78-79); Euroligan, Olympiakosen kontra (82-66)- helduko dio Europako jardunaldiari.
Jabetza ugari eta puntu askoko neurketak mesede egin diezaieke arabarrei, txapelketan puntu gutxien lortzen duen taldeen artean baitago Villeurbanne. Erreboteak harrapatzeko garaian ere asko sufritzen dute frantziarrek, sailkapeneko azken postuan baitaude estatistiken alor horretan.
Asvel bere talde-jokoagatik nabarmentzen da; dena den, baditu bere aparteko jardunari esker bereizten diren jokalariak, besteak beste, David Lighty taldeko saskiratzaile nagusia, baita Endesa ligan parte hartu duten jokalari batzuk ere: Antoine Diot eta Edwin Jackson, kasu.
Historiak irribarre egiten dio Gasteizko taldeari, Lyongo taldearen aurka aurretik jokatutako lau norgehiagoketatik hiru irabazi baititu, nahiz eta neurketa horiek 2001-02 eta 2003-04 denboraldietakoak izan.