85-74
Baskoniak garaipena lortu du Valentziaren aurka eta bolada onean jarraitzen du
Erredakzioa
Kirolbet Baskoniak 85-74ko emaitzarekin lortu du garaipena Endesa Ligako 10. jardunaldiko partidan, eta sasoi betean dela erakutsi du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kirolbet Baskoniak garaipena lortu du Valentziaren aurka (85-74) Buesa Arenan jokatu duen 2019-20 denboraldiko Endesa Ligako 10. jardunaldiko partidan. Talde gasteiztarrak bost partida irabazi eta bost galdu ditu lehen hamar jardunaldietan.
Bizi eta ondo ekin dio neurketari Baskoniak, 5-0eko partzialarekin. Ondoren, abantaila 5-6 puntuan izan du Arabako taldeak, baina lehen laurdeneko azken bi minutuetan Valentziaren erantzuna iritsi da, eta atsedenaldira lehia berdinduta iristea lortu du talde bisitariak (19-19).
Bigarren laurdenaren hasiera ez da ona izan Kirolbet Baskoniarentzat. Valentzia nagusitu da, eta 0-9ko partzialarekin aurretik jarri da (21-28). Jarraian, Arabako taldeak neurketa berdindu du (28-28), eta 10-0eko partziala lortuta, aurrea ere hartu du (31-28). Laurden horren azken txanpan, aurkaria baino hobeto aritu da Baskonia, eta sei puntuko errenta lortu du partida atsedenaldira heldu denean (38-32).
Joko-bolada onean ibili den arren, atsedenaldia ondo etorri zaio Perasovicek zuzentzen duen taldeari, eta gaizki Valentziari. Kirolbet Baskonia jaun eta jabe izan da hirugarren laurdenean, eta zuloa ireki du markagailuan, 18 puntuko errenta lortzeraino (68-50). Azken laurdenari ekiteko, abantaila handitu egin du Baskoniak (72-59).
Laugarren laurdenaren hasieran Valentziak desabantaila pixka bat murriztea lortu duen arren, Baskoniak ez dio gehiegi hurbiltzen utzi, eta kontrolpean izan du norgehiagoka. Arabako taldea zertxobait erlaxatu da azken laurdenean, bisitariek emaitza txukundu dute, baina garaipena ez da inoiz arriskuan egon, eta partida Kirolbet Baskoniaren aldeko 85-74ko emaitzarekin bukatu da.
Fitxa teknikoa:
85 - Kirolbet Baskonia (19+19+33+14): Henry (10), Stauskas (16), Shields (17), Shengelia (10) eta Fall (7) –hasierako taldea–; Vildoza (4), González (-), Janning (4), Diop (10), Polonara (5) eta Eric (2).
74 - Valentzia (19+13+20+22): Colom (10), Loyd (20), San Emeterio (8), Nodur (2) eta Tobey (-) –hasierako taldea–; Abalde (8), Labeyrie (2), Dubljevic (16), Motum (-), Vives (8) eta Sastre (-).
Epaileak: Daniel Hierrezuelo, Jose Ramon Garca Ortiz eta Martin Caballero. Kanporaturik gabe.