EUROLIGA 13. JARDUNALDIA
Stauskasek eta Shengeliak Baskonia biziberritu dute Belgraden (64-72)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Garaipen horrekin, Gasteizko taldeak bi porroten bolada eten du, eta orain arte jokatutako hamahiru partidatan seigarren garaipena eskuratu du.
Nik Stauskasek eta "Toko" Shengeliak suspertu egin dute Kirolbet Baskonia ostegun honetan, Belgradeko Izar Gorriaren aurka jokatutako Euroligako hamahirugarren jardunaldian (64-72).
Kanadako saskiratzaileak 22 puntu lortu ditu guztira, eta 4 hiruko sartu ditu partidako une garrantzitsuenetan, bere taldeak gehien behar zuenean, hain justu ere. Harekin batera, taldeko kapitaina aritu da ekarpen bikaina egiten (19 puntu). Bien artean, partida hautsi dute hirugarren laurdenaren amaieran eta azkenaren hasieran.
Partida ez da batere ikusgarria izan, baina bai oso fisikoa, eta Lorenzo Brown nabarmendu da etxekoen aldetik (20 puntu), baina ez du taldekideen laguntzarik jaso.
Serbiarrek kanpoko lerrotik ekin diote puntuak sartzeari partida hasieran; Baskoniak, aldiz, abiadura bilatu du etxeko defentsa desorekatzeko, erritmo handian jokatuta.
Shavon Shieldsen eta Shengeliaren bi hirukok eta Matt Janning eta Youssoupha Fallen arteko lotura onak lehendabiziko zuloa ireki dute markagailuan arabarren alde (12-20).
Lehendabiziko laurdena 14 eta 20ko emaitzarekin bukatu da, Velimir Perasovicen mutilek hamar minutu serio jokatu eta gero. Baskoniako entrenatzaileak bi joko-antolatzaile kantxaratu ditu hasieratik, eta hala jardun du lehiako minutu ugaritan.
Bigarren laurdenean, Charles Jenkins pistan sartzeak onura egin dio balkaniarren jokoari. Dena den, tarte horretan, neurketaren erritmoak behera egin du nabarmen, eta nekez sartu dituzte puntuak talde biek.
Hala ere, Baskoniak aurretik jarraitu du, eta aldea 10 puntura handitzeko gai izan da, Ilimane Diopen eta Pierrià Henryren energiari esker (22-32).
Alabaina, defentsako errebotean ez da fin ibili Perasovicen taldea. Hartara, lehen zatiko azken txanpan 9 eta 0eko partziala jaso du, eta horrek partida estutzea eragin du atsedenaldira heltzean (31-32).
Nik Stauskasek 8 puntu lortu ditu jarraian, bigarren zatia hastearekin batera, eta gasteiztarrek aldea 9 puntura eraman dute. Haatik, arazoak izaten jarraitu dute errebotean, eta Izar Gorriak, defentsa itogarria erabilita, neurketan jarraitu du jaurtiketa libreen bidez.
Jaurtitzaile kanadarra Baskoniaren erasoko erreferentzia izan da, eta berak gidatu du taldea hirugarren laurdenaren amaieran markagailuan ihes egitea erdiesteko (43-56).
Stauskasek Shengelia kapitainaren babesa izan du garaipena lortzeko bidean, eta bien artean txandakatu dira azken hamar minutuen hasieran hiruko marratik aurkariari min handia eragiteko (45-64).
Markagailuko zuloa ikusita, Perasovicen mutilak partidaren erritmoa moteltzen saiatu dira, baina etxekoek grina eta talentua erakutsi dute aldea murrizten joateko. Azkenerako, ordea, azken ahalegin hori ez da nahikoa izan, eta Gasteizko taldeak eskuratu du garaipena (64-72).
Fitxa teknikoa:
64 – Izar Gorria (14+17+12+21): Lorenzo Brown (20), Baron (9), Lazic (-), Derrick Brown (5), Kuzmic (8) —hasierako bostekoa—; Davidovac (6), Faye (1), Dobric (5), Gist (2), Jenkins (4), Simanic (4) eta Ojo (-).
72 - Kirolbet Baskonia (20+12+24+16): Vildoza (5), Henry (5), Stauskas (22), Shengelia (19), Eric (2) —hasierako bostekoa—; Janning (-), Diop (9), Sergi Garcia (-), Fall (7) eta Shields (3).
Epaileak: Fernando Rocha (Portugal), Jurgis Laurinavicius (Lituania) eta Amit Balak (Israel). Kuzmic kaleratu dute bost falta egiteagatik (40. min).