Itxi

Gaur, 21:00etan

Baskoniak gora begira jarraitu nahi du Euroligan, Valentzia Basketen lepotik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Garaipen bakarreko aldea dago bi taldeen artean, beraz, arabarrek irabaziz gero, tarte txiki bat irekiko lukete sailkapenean.

Stauskas eta Shengelia, Endesa Ligako Valentziaren aurkako partidan. Argazkia: EFE

Kirolbet Baskoniak Europako ibilbidean aurrerapausoak ematen jarraitu nahi du, eta, hartara, Valentzia Basket izango du aurrez aurre gaur, Euroligako hamalaugarren jardunaldian.

Arabarrek La Fontetara bidaiatuko dute sailkapeneko lehen zortzi postuetatik gertuago egoteko asmoz, aurreko jardunaldian Buesa Arenatik kanpo Izar Gorria mendean hartu ostean (64-72).

Velimir Perasovicek jokalari guztiak ditu jokatzeko moduan, luzarorako lesionatuta dauden Jayson Granger uruguaitarra eta Patricio Garino argentinarra izan ezik.

Gasteiztarrak kantxa zail batean lehiatuko dira, baina joan den denboraldian bertan nagusitzea lortu zuten. Bien arteko erreferentzia gertuena Endesa Ligan aurtengo denboraldian jokatutako norgehiagoka da, eta bertan Gasteizko taldea izan zen garaile (85-74).

Norgehiagoka hau berezia izango da Gasteizera heldu berria den Sergi Garciarentzat, Valentziako taldearekin zeukan lotura eten baitzuen Baskoniaren elastikoa janzteko. Horrez gain, kontuan izan behar da ere Tornike Shengelia gasteiztarren kapitaina Valentzia Basketeko harrobian hazi zela.

Partida honetarako Jaume Ponsarnauk ezin izango du min hartuta dabilen Guillem Vives kantxaratu, eta haren ordez Sam Van Rossom belgikarra arituko da taldearen jokoa antolatzen, Quino Colomekin batera. Azken hori da taldeko jokalaririk garrantzitsuenetakoa, Louis Labeyrie frantziarrarekin parez pare.

Garaipen bakarreko aldea dago bi taldeen artean (Baskoniak, 6; Valentziak, 5); beraz, arabarrek irabaziz gero, tarte txiki bat irekiko lukete sailkapenean.

Euroligari dagokionez, parekotasun handia dago bi taldeen artean, hiruna garaipen lortu baitituzte jokatutako sei partidetan (talde bakoitzak, gainera, lehia bat irabazi du aurkariaren kantxan).

Albisteak (4)