75-68
Baskoniak Teneriferi irabazi eta asteko hirugarren garaipena erdietsi du
Erredakzioa
Arabako taldea nagusi izan da Endesa Ligako 23. jardunaldiko partidan, eta 12. garaipena pilatu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Kirolbet Baskoniak 75-58ko emaitzarekin irabazi dio Iberostar Teneriferi Endesa Ligako 23. jardunaldiko partida. Ondorioz, talde gasteiztarrak aste bikaina biribildu du, Euroligan lortutako bi garaipenei igande honetakoa gehituta.
Gaizki ekin dio neurketari Baskoniak, eta horretaz baliatu da aurkaria zuloa irekitzen hasteko. Zazpi puntuko abantaila eskuratu du Iberostar Tenerifek. Momentu txarrak pasa ditu Arabako taldeak, baina Teneriferen bolada ona moztea lortu du defentsa sendotuta eta erasoan hobetuta; ondorioz, norgehiagoka berdintzea lortu du (16-16). Lehen laurdeneko azken segundotean aurrea ere hartu du Baskoniak (20-18), baina Lundbergen hiruko batek puntu bateko abantaila eman dio talde kanariarrari (20-21).
Bigarren laurdenean indartsu kantxaratu da Kirolbet Baskonia, eta lehen lau minutuetan 10 puntuko errenta eskuratu du (31-21). Joko-bolada on horren ostean, ordea, Iberostar Tenerifek desabantaila murriztea lortu du (35-30) bost puntura gerturatuz, baina talde gasteiztarrak zazpi puntura handitu du abantaila atsedenaldira iritsi orduko (37-30).
Shieldsek Baskoniarentzat sartu duen hiruko batekin hasi da hirugarren laurdena (40-30). Minutuak pasa ahala, talde gasteiztarraren nagusitasuna gero eta handiagoa izan da Baskoniarentzat, 20 punturainoko errenta (58-38) eskuratu du, eta 18 puntuko abantailarekin heldu da neurketa azken laurdenera (58-40).
Norgehiagoka kontrolpean izan du Kirolbet Baskoniak amaierako laurden guztian zehar. Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldea ez da erlaxatu, ez dio utzi Teneriferi aldeak gehiegi murrizten, eta garaipenak ez dio ihes egin (75-58).
Fitxa teknikoa:
75 - Kirolbet Baskonia (20+17+21+17): Christon (8), Janning (1), Miguel Gonzalez (2), Shengelia (11) eta Eric (2) -hasierako taldea-, Henry (5), Diop (14), Sergi Garcia (-), Fall (10), Dragic (7), Shields (8) eta Polonara (7).
58 - Iberostar Tenerife (21+9+10+18): Huertas (6), Salin (-), Diez (2), White (9) eta Shermadini (16) -hasierako taldea-, Lundberg (13), Radoncic (4), Lopez (-), Bogris (-), Guerra (3), Suarez (-) eta Konate (3).
Epaileak: Garcia González, Bulto eta Sanchez Cutillas. Kanporaturik gabe.