Endesa Ligako azken fasea
Grangerrek sustoa eman du Baskoniak Joventutekin galdutako partidan (76-74)
Agentziak | Erredakzioa
Joko-antolatzailea minduta erretiratu da, baina jokalariak berak 'sustoa' baino ez dela izan baieztatu du. Porrota garrantzirik gabekoa da, gasteiztarrak finalerdietarako sailkatuta baitzeuden.
Kirolbet Baskoniak galdu egin du Joventuten aurka garrantzirik ez zeukan neurketa (76-74), arabarrek duela bi egun bereganatu baitzuten finalerdietarako txartela, eta Joventutek ere ez zuen ezer jokoan izan, finalerdietan sartzeko aukerarik gabe geratu baitira aurreko egunetan. Dena dela, norgehiagokako albisterik txarrena gasteiztarrentzat, hasiera batean behintzat, Jayson Grangerren lesioa izan da
Izan ere, joko-antolatzaile uruguaitarrak aurretik lesioa izan zuen Akilesen tendoian min hartu du, ezkerreko oinarekin keinu txarra egin ostean. Zorionez, jokalariak berak gerora baieztatu du dena sustoa baino ez dela izan.
Partidari dagokionez, bi entrenatzaileak normalean erabiltzen ez dituzten jokalariak jokoan jartzeko aprobetxatu dute. Horrela, Ivanovicek deialditik kanpo utzi ditu Toko Shengelia eta Pierria Henry, eta Joventuteko entrenatzaileak ere gauza bera egin du Alen Omicekin eta Nenad Dimitrijevicekin.
Joventutek harrobiko bost jokalari izan ditu jokoan zenbait momentutan eta kataluniarrek garaipena eraman dute Kerem Kanterren puntuen laguntzarekin (18). Gasteiztarren artean, Achille Polonara italiarrak egin ditu puntu gehien (18).
Baskoniak eskura izan du garaipena azken segundoetan, baina Tadas Sedekerskisek marra zapaldu du garaipenaren saskiratzea egin aurretik eta ondoren Joel Parrarekin jaurtiketa libreak partida erabakita utzi du.
Partida amaituta, Joventutek agur esan dio denboraldiari eta Baskonia, berriz, finalerdietako aurkariaren zain dago: Valentzia Basket, Herbalife edo Real Madrilizango da.
Fitxa teknikoa:
76-. Joventut Badalona: Zagars (11), López-Aróstegui (11), Ventura (5), Morgan (4) y Stevic (-) --hasierako boskotea--; Prepelic (9), Busquets (8), Kanter (18), Parrado (5) eta Parra (5).
74-. Kirolbet Baskonia: Granger (4), Vildoza (-), Dragic (12), Polonara (18) y Eric (4) --hasierako boskotea--; Sedekerskis (5), Shields (-), Janning (9), García (6), Diop (8), Kurucs (6) eta González (2).
Partzialak: 16-13, 23-17, 15-21 eta 22-23.