ENDESA LIGAKO FINALA
Partidaren amaiera: Bartzelona 67-69 Baskonia
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bartzelonaren aurka jokatuko dute arabarrek gaur. Duela 10 urte lortutako hirugarren txapelketan aurrez aurre izan zuten aurkari beraren kontra.
Bartzelona eta Kirolbet Baskonia aurrez aurre izango dira gaur La Fontetan (20:00), partida bakarrera lehiatuko den Endesa Ligako final historikoan, koronabirusak eragindako ezohiko egoeraren ondorioz. Duela hamar urteko finalean izan ziren protagonista berak jardungo dute berriro nor baino nor gehiago. Orduko hartan, gasteiztarrak izan ziren garaile, eta horrek euren hirugarren liga txapelketa erdiestea ahalbidetu zien, orain arteko azkena.
Duela 13 egun hasi zen eta bere osotasunean Valentzian jokatu den Endesa Ligako azken fasea bukatzear da. Antolatzaileek prestatutako isolamendu protokoloak ezin hobeto funtzionatu du, eta ez da koronabirusaren inolako zantzurik egon. Hartara, txapelketa zirraragarria eskaini dute parte-hartzaileek, eta ezustekoak ere egon dira: nagusiena, Real Madril finalerdietatik kanpo geratu izana.
Horrenbestez, azken bost liga txapelketatik lau irabazi dituen talde zuria finaletik kanpo egoteak (bera da egungo txapelduna) hautagai berri batentzat zabaldu ditu aukerak. Batetik, Bartzelona dago. Katalanek 18 liga irabazi dituzte bere historian, baina 2014tik dabiltza hemeretzigarrenarena bereganatu nahian. Bestetik, Baskonia ageri da. Arabarrek hiru garaikur dituzte, eta azkena 2010ean altxatu zuten.
Orduko hartan, Fernando San Emeteriok sartutako bi gehi batekoak Baskoniaren aldeko 3-0ekoa baieztatu zuen final handiko kanporaketan. Bi taldeen artean jarraian jokatu zituzten hiru finaletako azkena izan zen hura. Hamarkada bat geroago, bi pertsona izango dira berriro final berean: hala, Dusko Ivanovic gasteiztarren aulkian egongo da berriz ere, eta, horrez gain, Pau Ribas ere kantxan izango da, baina oraingoan Bartzelonaren elastikoarekin.
Mirotic vs Shengelia
Gasteiztarrak goranzko joera garbian iritsi dira final honetara. Denboraldia ez zihoan espero zenaren bidetik, eta horrek entrenatzaile aldaketa eragin zuen abenduan, Ivanovicek Velimir Perasovicen lekua hartu zuenean. Horrez gain, taldea zortzigarren postuan zegoen Endesa Ligan, pandemiak dena aldatu zuen arte. Alabaina, itxura guztien arabera, etenaldiak mesede egin die arabarrei, eta, besteak beste, Vildoza eta Granger bezalako jokalari garrantzitsuak berreskuratzeko parada izan dute. Ondorioz, azken fase bikaina jokatu eta Valentzia Basket finalerdietan kanporatu ondoren (73-75), finalera itzuli dira Real Madrilen aurka galdu eta bi urtera (3-1).
Bartzelonak, bere aldetik, Ligako 28. finala jokatuko du, azken fase honetako talderik sendoena izanik. Porrot bakarra izan du, Iberostar Teneriferen aurka, ezer jokoan ez zegoela. Nikola Mirotic ligako jokalari baliotsuenaren eskutik bere multzoko lehen postuan bukatu zuen, eta finalerdietan San Pablo Burgos azpiratu zuen (98-84).
Kataluniarrek bi taldeen arteko azken norgehiagoka irabazi zuten (81-75), Valentziako azken fasean jokatutakoa, hain justu; baita liga erregularrean Palau Blaugranan jokatutako partida ere (95-87). Aitzitik, Baskoniak ere badu aurrekari bat bere alde: Euroligako garaipena (76-74).
Kantxa gainean, ikusminik handiena ziurrenik Europako bi hegal-pibot onenak direnen arteko buruz burukoan egongo da, hau da, Mirotic eta Thornike Shengelia. Baskonia gogor defendatzen eta kontraerasoa korritzen saiatuko da, jakitun baita joko estatikoan askoz aukera gutxiago izango dituela Bartzelonaren indar fisikoaren aurrean. Ivanovicek ezin izango du Youssoupha Fall lesionatua kantxaratu. Bartzelonak Gasteizen aritutako hiru jokalari izango ditu bere lerroetan: aurretik aipatutako Ribas, Thomas Heurtel eta Adam Hanga.
Fitxa teknikoa
Bartzelona: Hanga, Higgins, Claver, Mirotic eta Tomic –balizko hasierako bostekoa–; Heurtel, Davies, Ribas, Oriola, Abrines, Kuric eta Smits.
Kirolbet Baskonia: Henry, Janning, Shields, Shengelia eta Eric –balizko hasierako bostekoa–; Vildoza, Granger, Diop, Dragic, Polonara, Sedekerskis eta Kurucs.
Pabiloia: La Fonteta.
Ordua: 20:00.