Itxi

Ofiziala

Toko Shengeliak Baskonia utzi eta CSKAn jokatuko du; Shields, berriz, Milanera doa

eitb.eus

Leer en Castellano

Gasteizko taldeak bi jokalarien agurra baieztatu du: georgiarrak hiru denboraldi emango ditu Moskun; estatubatuarrak, aldiz, bi urteko kontratua sinatu du Olimpia Milanekin.

Toko Shengelia

Saski Baskonia eta Tornike Shengelia akordiora heldu dira eta egungo kapitainak Gasteizko taldea utziko du aurten. Georgiarraren hurrengo elastikoa Moskuko CSKA talde mitikoarena izango da, eta hurrengo hiru denboraldiak jokatuko ditu bertan.

Shengelia 2014an heldu zen Gasteizera eta ordutik 318 partida ofizial jokatu ditu, 138 Euroligan eta 180 Endesa Ligako txapelketan, eta azken hiru urteetan Baskoniako kapitaina izan da bera.

Hegal-pibotak agur esango dio klubari Endesa Ligako titulua poltsikoan duela ekainean Valentzian fase finala irabazi ondoren. Baskonia nahi zuen bezala utzi egingo du Tokok, zaleentzako titulu batekin.

Klubak bere web orrian iragarri duen bezala "maitasunez gogoratuko dute beti eta kirol-ibilbide berrian zorterik onena" opa dio.

Shavon Shields eta Sergi Garciak ere agur esan dute

Shengeliaz gain, Shavon Shields hegalekoa ere Kirolbet Baskoniatik aterako da, bertan bi urtez jardun ostean. Tarte horretan, Shields izan da taldeko jokalari erregularrenetako bat: ia 10 puntu lortu ditu partidako, eta ekarpen nabarmenak egin ditu jokoaren ia arlo guztietan.

Danimarkako pasaportea duen hegaleko estatubatuarrak bi denboraldiko kontratua sinatu du Italiako Olinpia Milan taldearekin

Besteak beste haren hutsunea betetzeko, Baskoniak duela egun batzuk iragarri zuen Alba Berlinetik datorren Rokas Giedraitis lituaniarraren fitxaketa.

Azkenik, Sergi Garcia balearrak ere taldea utziko duela iragarri du Baskoniak. Garcia abenduan iritsi zen taldera, eta 27 partida jokatu ditu Euroliga eta Endesa Ligaren artean banatuta.

Albisteak (4)