Superkopa Endesa, finala
Caja Laboral-Bartzelona Regal (73-82): Talde katalana, txapeldun
Erredakzioa
Ivanovicen mutilek ezin izan dute azkenengo laurdenean Xavi Pascualen taldearen defentsa gainditu eta blaugranek hirukoei esker erabakita utzi dute norgehiagoka.
Bartzelona Regalek hirugarren Superkopa jarraian eskuratu du Bilbao Arenan Caja Laboralen aurka. Gasteiztarrak nagusi izan dira norgehiagokan azken laurdenera arte. Laurden erabakigarrian Ivanovicen mutilek ezin izan dituzte saskiraketa garrantzitsuak lortu eta blaugranek partida erabakita utzi dute hirukoei esker. Juan Carlos Navarrok jokalari onenaren saria eskuratu du.
Lehenengo laurdenean partidak erritmo bizia hartu du eta Baskoniak eta Bartzelonak saskiraketa errazaka lortu dituzte. Arabarrek 18-12koa jarri dute markagailuan Teletovicen saskiraketari esker, baina Navarrok ondo gidatu du talde katalana erasoan eta Xavi Pascualen mutilek 20-20koa jarri dute. Blaugranek erasoan asko sakatu dute azken minutuetan eta Fran Vazquezek 20-25ekoa jartzea lortu du.
Bigarren laurdenean Baskoniak markagailua iraultzea lortu du Reggie Williamsek lortutako saskiraketei esker, eta 8-0eko partzial bati esker 28-27 aurretik jarri dira gasteiztarrak. Caja Laboral defentsan sendo aritu da eta Bartzelonak asko sufritu du erasoan saskiraketa lortzeko. Atsedenaldian Arabako taldeak lau puntuko abantaila izan du (42-38).
Hirugarren laurdenean talde gasteiztarrak arazoak izan ditu Ndong eta Huertas erasoan gelditzeko eta katalanek norgehiagoka berdindu dute. Bi taldeek saskiraketak lortu dituzte defentsan akats ugari izan baitira eta Ivanovicen mutilek markagailuan 59-58koa jartzea lortu dute.
Azkenengo laurdenean Baskoniak 7 puntuko aldea lortu du 65-58koa markagailuan jarrita, baina blaugranek ezin hobeto erantzun dute 0-11ko partzial erabakigarri batekin. Bartzelonak hirukoei esker partida erabakita utzi du eta Ndongek eta Huertasek markagailua borobildu dute (73-82).
- Fitxa teknikoa:
73 - Caja Laboral (20+22+17+14): Heurtel (8), Oleson (5), San Emeterio (4), Teletovic (15) eta Seraphin (9) -hasierako bostekoa-; Prigioni (14), Ribas (8), Nemanja Bjelica (2), Reggie Williams (6), Milko Bjelica (2) eta Dorsey (-).
82 - FC Bartzelona Regal (25+13+20+24): Huertas (11), Navarro (24), Eidson (9), Lorbek (12) eta Ndong (12) -hasierako bostekoa-; Sada (5), Ingles (2), Mickael (-), Wallace (5) eta Vazquez (2).