Itxi

Euroliga, 4. jardunaldia

Baskoniak garaipen argia lortu du Khimkiren aurka (77-60)

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Partida orekatua joan da eta gasteiztarrak hirugarren laurdenaren bukaeran hasi dira markagailuan aldea zabaltzen. Polonara eta Giedriaitis izan dira onenak arabarren artean.

Vildoza, Zaytseven aurrean. Argazkia: Efe.

TD Systems Baskonia garaipenaren bidera itzuli da ostiral honetan Euroligan jokatutako laugarren jardunalduko partidan. Arabarrak 77 eta 60 gailendu zaizkio Khimkiri. Errusiarrak ez dira euren sasoirik onena etorri Gasteizera, lesioek eta koronabirusak baja ugari eragin dizkietelako. Partida azken laurdenean erabaki dam Achille Polonara eta Rokas Giedriaitis jokalarien maila onari esker, 20na puntu egin dituzte.

Dusko Ivanvicen taldea hiru partida jarraian galtzetik zetorren (Zeniten aurka lortutako 20-0eko garaipena kontuan izan barik. Baina gaur dinamika hori aldatzeko gai izan dira Gasteizko jokalariak 600 zaleren aurrean jokatutako neurketan. Ez dute partida ondo hasi, baina minutuek aurrera egin ahala jokoa hobetzen joan dira.

Khimkik maila ona eman zuen Real Madrilen aurka duela hiru egun jokatutako norgehiagokan, eta Gasteizen ere txukun aritu da, bere egoera zein den kontuan izanda. Baina Baskoniak azken laurdenean egindako lanak saria izan du. Luca Vildozak mamu guztiak uxatu ditu amaierarako bost minuturen faltan errusiarrak bederatzi puntura hurbildu direnean.

Ivanovicen taldeari kosta egin zaio partidan aurretik jartzea, lehen aldeak lehen laurdenean lortu ditu baina ondoren Khimki izan da aurretik. Hala ere, joera hori hirugarren laurdenean aldatu da. 52 eta 45 izan dira aurretik laurden hori amaitzear egon denean. Gauzak ez zaizkie erraz atera arabarrei, errusiarrak nabarmen ahulduta egon arren.

Baskonia, gainera, atseden hartuta iritsi da partidara asteartean Zeniten aurka jokatu beharreko neurketa koronabirusagatik bertan behera geratu ostean, eta freskotasun hori agerian geratu da azken laurdenean. Amaierarako lau minutura 70 eta 58 izan dira aurretik. Polonara erabakigarria izan da, Dragicek ere lan txukuna egin du eta arabarrek garaipena lortu dute Belgradon emandako irudi kaskarra ahaztaraziz.

Fitxa teknikoa

77-.TD SYSTEMS BASKONIA: Vildoza (15), Raieste (-), Polonara (20), Giedraitis (20) eta Jekiri (6) --hasierako boskotea--; Henry (-), Sedekerskis (1), Diop (-), Fall (-), Dragic (15) eta Kurucs (-).

60-.KHIMKI: Vialtsev (7), Zaytsev (17), Karasev (3), Booker (16) eta Jerebko () --hasierako boskotea--; Odinokov (-), Sharapov (-), Bertans (5) eta Evstigneev (-).

Partzialak: 15-18, 20-18, 19-11, 23-13.

Albisteak (3)