Euroleague Basketball
Sluc Nancy-Caja Laboral (90-85): Lehen porrota jaso dute arabarrek
A.B.
Erredakzioa
Baskoniak A multzoko liderra izaten jarraitzen du hiru garaipen eskuratuta eta partida bakarra galduta. Bennet Canturekin berdinduta dago sailkapenaren gorenean.
Caja Laboral Baskoniak Euroligako lehen porrota jaso du Frantzian Sluc Nancyren aurka 90-85 galduta. Partida ona izan da, ikuskizun polita eskaini dute bi taldeek, baina arabarrek ezin izan dute irabazi. Bennet Canturekin berdinduta Caja Laboral A multzoko liderra da.
Norgehiagoka hiru puntuko jokaldi batekin hasi zuten etxekoek, baina lehen laurdena oso berdindua izan zen. Bi taldeak ondo ibili ziren saski aurrean eta bietako batek ere ez zuen markagailuan alde egitea lortzen. Lehen laurdeneko azken minutuetan, ordea, Nancyk hobeto jokatu zuen eta hasierako hamar minutuak frantziarren aldeko zortzi puntuko abantailarekin bukatu ziren (28-20).
Frantziarrak indartsu kantxaratu ziren bigarren laurdenean, baina Baskonia ere ez zen atzean geratu. Gora behera ugari izan ziren markagailuan, baina beti Nancy zen aurretik. Etxekoek bederatzi puntuko aldea lortu zuten laurdenean zehar, baina azken txanpan Caja Laboralek desabantaila murriztea lortu zuen. Partida 49-47ko emaitzarekin iritsi zen atsedenaldira.
Atsedenalditik bueltan Caja Laboralek markagailua are gehiago estutzea lortu zuen hasieran eta aurrea ere hartu zuten momentu batzuetan. Dena den, Nancyk hobeto jokatu zituen laurden honetako momentu erabakiorrak eta sei puntuko abantaila lortu zuen (70-64).
Azken laurdenean Baskoniak huts asko egin zituen. Nancy pixkanaka abantaila politak lortzen hasi zen, hamaika punturainokoak (84-73). Caja Laboralek ez zuen etsi eta aldeak zazpi punturaino murriztu zituen azken minuturako (87-80). Frabtziarrak, ordea, ez ziren urduri jarri eta garaipenak ez zien ihes egin (90-85).
Fitxa teknikoa:
90 - Sluc Nancy (28+21+21+20):Linehan (7), Shuler (4), Batum (21), Samnick, Akingbala (26)-hasierako bostekoa-, Amagou (16), Grant, Badiane, Moerman (13), Sylla (3).
85 - Caja Laboral (20+27+17+21):Prigioni (3), Oleson (8), N. Bjelica, Teletovic (24), Seraphin(12)-hasierako bostekoa-, Dorsey, Ribas (9), San Emeterio (19), M. Bjelica(2), Heurtel, Williams (6).