Euroliga
Baskoniak garaipen handia lortu du CSKA Moskuren aurka
Andoni Beldarrain | EITB Media
Bi taldeek partida ikusgarria eskaini dute Buesa Arenan Euroligako 18. jardunaldian, eta TD Systems Baskoniak liderra mendean hartu du, 95-93ko emaitzarekin.
Your browser doesn’t support HTML5 video
TD Systems Baskoniak garaipena lortu du CSKA Moskuren aurka (95-93) jokatu duen Euroligako 18. jardunaldiko partidan. Maila bikaina eskaini du talde gasteiztarrak eta Euroligako liderra mendean hartu du.
Ondo ekin dio neurketari Arabako taldeak. Nagusi izan da Baskonia eta zazpi puntuko abantaila lortu du bosgarren minutura iritsitakoan (15-8). Nagusi izan da Ivanovicek zuzentzen duen taldea eta lehen laurdena bukatzeko 20 segundo falta zirenean 15 puntuko errenta izan du, nahiz eta CSKAk aldeak murriztu dituen hiruko bat sartuta (31-19).
Bigarren laurdenaren hasieran ere ondo ibili da TD Systems Baskonia, baina CSKAk desabantaila murriztu du (38-29). Atsedenaldira iristeko bi minutu falta zirenean, 9 puntuko abantaila izan du talde gasteiztarrak (43-36), baina talde errusiarra nagusi izan da, eta puntu bakarrera gerturatu da (46-45). Laurdena amaitzear zenean, Polonarak hirukoa sartu du, baina epaileek baliorik gabe utzi dute, jaurtiketa denbora agortuta denean egin duelako.
Indartsu kantxaratu da CSKA atsedenaldiaren ostean, eta Baskoniak ondo eutsi dio. Ondoren, Moskuko taldeak bost puntuko abantaila hartu du (55-60). Bazirudien partida zail jarriko zitzaiola talde gasteiztarrari, baina Ivanovicek zuzentzen dituen gizonek ez dute etsi eta neurketa berdintzea lortu dute (60-60, 62-62 eta 65-65). Hirugarren laurdeneko amaierako bi minutuak bikain jokatu ditu Baskoniak eta 12 puntuko abantaila lortu du (79-67).
Azken laurdenaren hastapenean ondo eutsi dio Arabako taldeak CSKA Moskuri. Hala ere, Errusiako taldea kalitate handiko jokalariak ditu, hirukoak sartzen hasi dira, eta lehia parekatu egin da (82-80). Ondoren, Baskoniak sei puntuko errenta eskuratu du (88-82), baina CSKAk emaitza estutu du amaierarako 8 segundo falta zirenean (94-93). Fallek bi jaurtiketa libre izan ditu, bat huts egin eta bestea sartu du (95-93). Azken jabetza CSKA Moskurentzat izan da, Jamesek biko jaurtiketa egin, ez du asmatu, eta garaipena TD Systems Baskoniak eskuratu du (95-93).
Fitxa teknikoa:
95 - TD Systems Baskonia (31+15+33+16): Henry (18), Sedekerskis (8), Giedraitis (17), Polonara (18) eta Fall (16) -hasierako taldea-, Vildoza (12), Dragic (3), Jekiri (-), Diop (-) eta Peters (3).
93 - CSKA Mosku (19+26+22+26): James (20), Hilliard (9), Kurbanov (6), Shengelia (15) eta Milutinov (4) -hasierako taldea-, Bolomboy (13), Strelnieks (11), Voigtmann (3), Khomenko (-), Antonov (7) eta Ukhov (5).
Epaileak: Luigi Lamonica (Italia), Sasafrases Pukl (Eslovenia) eta Joseph Bissang (Frantzia). Polonara (40. min) kanporatu dute bost falta egin ostean. Teknika adierazi diote Dusko Ivanovic (20. min) entrenatzaileari, CSKA Moskuko aulkiari (25. mn) eta Dimitros Itoudis entrentzaileari (36. min).