Euroliga
Baskoniak agur esan dio play-offetan sartzeko aukerari, Valentziaren aurka galduta
A. B. | EITB Media
Arabako taldeak 86-81eko emaitzarekin galdu du Euroligako 34. jardunaldiko partida eta lehen zortzi postuetan sartzeko aukerarik gabe geratu da.
TD Systems Baskoniak porrota jaso du Valentziaren aurka (86-81) Euroligako 34. jardunaldiko partidan, eta play-offetara sailkatzeko aukerarik gabe geratu da. Ondorioz, amaitu da Gasteizko taldearen ibilbidea txapelketa honetan, aurtengoz.
Ondo ekin dio neurketari Baskoniak (0-5 eta 2-8), eta lehen hiru minutuetan etxeko taldeari partidan sartzea kosta egin zaion arren, pixkanaka desabantaila murrizten hasi da (9-10), eta laurdenaren erdialdetik aurrea nagusi izan da. Valentziak zazpi puntuko errenta lortu du (21-14), baina Baskoniak azkar erantzun du bi puntura gerturatuta (23-21), nahiz eta lau puntuko desabantailarekin amaitu dituen lehen hamar minutuak (25-21).
Bigarren laurdenaren hasieran, talde valentziarra hobeto ibili da, zazpi puntuko errenta lortuz (33-26). Hala ere, Baskoniak lanean jarraitu du, eta kosta egin zaion arren, norgehiagoka berdintzea lortu du (37-37) atsedenaldira iristeko bi minutu eta 22 segundo falta zirenean. Ondoren, aurrea hartu eta bost puntuko errentarekin joan da aldageletara (39-44).
Atsedenaldiaren ostean, Arabako taldeak bederatzi puntuko abantaila erdietsi du (47-56), baina Valentziak ez du esti, aldeak murriztea lortu du defentsa sendotuta eta erasoko errebotean nagusituta (54-56). Baskoniari kosta egin zaio aurkariaren defentsa-sistema gainditzea, eta etxeko taldeak aurrea hartu du hirugarren laurdeneko azken minutuan. Ondoren, hirukoen festa eskaini dute bi taldeek, eta laurdeneko azken segundoan Prepelicek sartutako hirukoak puntu bateko abantaila eman dio Valentziari (60-59), laugarren laurdenari markagailuan aurrea hartuta ekiteko.
Denetarik gertatu da azken laurdenean. Markagailua estu eta parekatuta mantendu da amaierara arte. Neurketa bukatzeko bost minutu falta zirenean Baskoniak aurrea hartu du markagailuan (68-69), baina bi minutu beranduago Valentzia izan da lau puntuko abantaila eskuratu duena (76-72). Etxeko taldeak sei puntuko errenta lortu du amaierarako bi minutu falta zirenean (83-77), baina Baskoniak ez du etsi, eta hiru puntura gerturatu da lehia azken hamar segundoetan sartu denean. Gainera, puntu bakarrera gerturatzeko aukera izan du Arabako taldeak, baina Henryk bi jaurtiketa libreak huts egin ditu, Valentziak beste saskiratze bat lortu eta garaipena eskuratu du (86-81).
Fitxa teknikoa:
86.- Valentzia (25+14+21+8): Van Rossom (5), Sastre (7), Kalinic (9), Williams (13), Tobey (13) -hasierako taldea- Marinkovic (8), Prepelic (14), Labeyrie (-), Dubljevic (11), Vives (-) eta San Emeterio (-).
81.- TD Systems Baskonia (21+23+15+12): Vildoza (6) Giedraitis (17), Sedekerkis (8), Polonara (16), Diop (-) -hasierako taldea- Henry (19), Fall (-), Peters (5) eta Dragic (10).
Epaileak: Pukl (ESL), Radovic (KRO) y Bissang (FRA). Labeyrie (34. min) eta Diop (35. min) kanporatu dituzte bosna falta egiteagatik.