FITXAKETA
Baskoniak Wade Baldwin joko-antolatzailea fitxatu du
A. A. | EITB MEDIA
25 urteko estatubatuarra Bayern Munichetik heldu da Gasteizera, joan zen denboraldiko Euroligako ezusteko taldea.
Baskoniak Wade Baldwin IV.a fitxatu duela iragarri du larunbat honetan. Joko-antolatzaile estatubatuarra (25 urte) Euroligako azken denboraldian nabarmendu zen Bayern Munichen, eta hainbat talderen interesa piztu du.
Alemaniako taldeko saskiratzaile nagusia izan zen, baita asistentzia-emaile nagusiena ere:15,3 puntu, 4 asistentzia eta 2,7 errebote Europan; 12,3 puntu, 4 asistentzia eta 2,5 errebote Alemaniako ligan.
NBAko Memphis Grizzlies, Portland Trail Blazers eta Toronto Raptors taldeetan ibili ondoren, Europara egin zuen jauzi 2019-20 denboraldian, Olympiakosen jokatzeko, baina Bayern Munichen nabarmendu da.
Wade Baldwin Baskoniako erreferenteetako bat izango da, eta Matt Costello estatubatuarra, Vanja Marinkovic serbiarra eta Simone Fontecchio italiarra fitxaketak izango ditu aldamenean.