FITXAKETA
Baskoniak agur esan dio Youssoupha Falli eta Landry Nnoko kamerundarra fitxatu du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nnokok denboraldi baterako kontratua izango du, eta Fallek utzitako lekua beteko du, biek pibot postuan jokatzen baitute.
Gasteizko taldeak igande honetan jakinarazi duenez, taldean hiru denboraldi egin ondoren, Youssoupha Fall pibot senegaldarrak ez du Baskonian jarraituko, eta, aldi berean, Landry Nnoko pibot kamerundarraren fitxaketa baieztatu du hurrengo denboraldirako.
Fall (26 urte) 2018an iritsi zen Gasteizera Le Mans Sarthe Basket taldetik. 2018-19 denboraldian utzita jokatu zuen Strasbourg IG taldean eta hurrengo bi denboraldietan, berriz, Baskoniaren elastikoa defendatu zuen.
Guztira, 118 partidatan hartu du parte (Euroliga eta Endesa Ligako neurketak aintzat hartuta), eta 2020ko ekainean Valentzian irabazitako Liga txapelketan parte hartu zuen.
Fallen agurraren berri eman eta gutxira, Dusko Ivanovicen taldeak hurrengo denboraldirako Landry Nnoko pibot kamerundarra fitxatu duela plazaratu du.
Nnoko Belgradeko Izar Gorritik dator, eta 27 urte eta 2,08 metroko altuera ditu. Clemson unibertsitate estatubatuarrean hezi zen, eta 2016-17 denboraldian hasi zuen bere ibilbide profesionala Italiako Pesaron. Gerora, G-Leagueko Gran Rapids Drive taldetik igaro ondoren, Turkiara joan zen Sakaryan jokatzeko (batez beste, 17,5 puntu eta 9,3 errebote lortu zituen partidako).
Iaz, Belgradeko Izar Gorrian aritu zen Nnoko; Euroligako 10 partida jokatu zituen, eta, batez beste, 7,1 puntu eta 5,1 errebote lortu zituen. Aurretik, Berlingo ALBAn jokatu zuen, eta 28 partida jokatu zituen Euroligan (batez beste, 8,7 puntu eta 5,8 errebote) eta 15 Eurokopan. Talde horrekin, Alemaniako liga irabazi zuen 2020an, gaur egun Baskoniako jokalaria den Rokas Giedraitisekin batera.