2. jardunaldia
Baskonia-Olimpia Milan, Euroligak Buesa Arenan du hitzordua
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gasteiztarrek azken hiru partidak galdu dituzte, Endesa Liga eta Euroliga kontuan hartuta, eta bolada hori eten nahi dute. Italiarrak bitan bakarrik gailendu dira Gasteizen.
Euroliga lehen aldiz iritsiko da ostiral honetan Buesa Arenara Baskonia-Olimpia Milan partidarekin. Arabarren kantxak % 80ko edukiera betetzeko baimena du, eta, ondorioz, 12.572 ikusle sartu ahalko dira, gehienez, Dusko Ivanovicen taldearen partida ikusteko.
Baskoniak Olimpia Milan izango du aurrean. Ettore Messinaren taldeak Lauko Finalean egotea du helburu.
Wade Baldwin jokatzeko moduan dago, aitatasun-baimena agortuta, baina Alec Petersek eta Sander Raiestek min hartuta jarraitzen dute eta ezingo dira kantxara irten.
Italiarrek, aldiz, jokalari guztiak prest dituzte Buesa Arenan jokatzeko. Gasteizen bi aldiz bakarrik gailendu da Messinaren taldea, azkena 2017-18 denboraldian.
Baskoniak hiru partida jarraian galdu ditu, Endesa Liga eta Euroliga kontuan hartuta, eta bolada horri amaiera eman nahi diote. Erasoan eta defentsan hobetu beharra dute, eta bereziki baloi gutxiago galdu, azken norgehiagoketan 20 aldiz baino gehiago galdu baitute baloiaren jabetza.