Itxi

Euroliga

Baskoniak bigarren garaipena jarraian lortu du Alba Berlin mendean hartuta

A. B. E. | EITB Media

Leer en Castellano

Arabako taldeak 76-80ko emaitzarekin lortu du garaipena Euroligako 4. jardunaldiko partidan. Alemaniarren aurkako lehian, Baskonia 23 puntuko abantailarekin iritsi da atsedenaldira, baina bigarren zatian kaskar jokatu du, eta lau puntuko errentarekin irabazi du norgehiagoka.

Baldwin, Baskoniako jokalaria, Alba Berlinen aurkako partidan. Argazkia: EFE

Baskoniak garaipena lortu du Alba Berlinen aurka (76-80) ostegun honetan jokatu duen Euroligako laugarren jardunaldiko partidan. Ondorioz, bi neurketa jarraian irabazi ditu Arabako taldeak aste honetan, asteartean jokatutako 3. jardunaldian Panathinaikos mendean hartu baitzuen.

Norgehiagokako lehen saskiratzea Alba Berlinek sartu du (2-0), baina Baskoniaren erantzuna azkarra izan da, zazpi puntu jarraian erdietsita (2-7). Ondoren, Alemaniako taldea puntu bakarrera gerturatu da (10-11); jarraian, ordea, Gasteizko taldeak sei puntuko errenta lortu du (10-16). Alba Berlinek ez du etsi, eta berriz lortu du emaitza parekatzea (14-16), baina Baskoniak amaiera ona eman die lehen hamar minutuei, sei puntuko abantaila eskuratuta (15-21).

Bigarren laurdenean erabatekoa izan da Dusko Ivanovicek zuzentzen duen taldearen nagusitasuna. Hiruko jaurtiketen bidez min egin dio Baskoniak Alba Berlini, eta 15 puntuko abantaila lortu du (21-36) atsedenaldira iristeko bost minutu eta erdi geratzen zirenean. Arabako taldea defentsako lanean ere bikain ibili da, ez dio aukerarik eman Alba Berlini, eta Baskoniaren aldeko 29-52ko emaitzarekin heldu da neurketa atsedenaldira.

Etxeko taldeari ondo etorri zaio atsedenaldia, eta hirugarren laurdenean desabantaila murriztea lortu du (42-58). Baskonia ezinean ibili da; erasoan huts asko egin ditu, eta defentsako lanean arazoak izan ditu aurkariaren erasoaldiak gelditzeko. Laurden kaskarra jokatu duen arren, Gasteizko taldeak 15 puntuko abantailarekin amaitu du hirugarren laurdena (47-62).

Amaierako hamar minutuetan gogotik estutu du Baskonia Alba Berlinek. Alemaniako taldeak hirugarren laurdeneko bolada onari eutsi dio laugarrenean; pixkanaka, desabantaila murrizten joan da, eta zortzi puntura hurbildu da partida amaitzeko bi minuturen faltan (66-74). Gainera, bukatzeko 38 segundo falta zirenean, Alba Berlinek lau puntura murriztu du desabantaila (70-74). Hala ere, Baskoniak ondo kudeatu ditu azken segundoak, eta garaipena erdietsi du (76-80).

Fitxa teknikoa:

76 -Alba Berlin (15+14+18+29): Smith (6), Mattisseck (4), Zoosman (9), Sikma (19) eta Da Silva (15); Lo (8), Delow (3), Schneider (4), Nikic (-), Olinde (2) eta Blatt (6).

80 - Baskonia (21+31+10+18): Granger (15), Giedraitis (8), Fontecchio (17), Costello (10) eta Nnoko (9); Baldwin (4), Marinkovic (9), Enoch (4), Sedekerskis (4) eta Kurucs (-).

Epaileak: Michele Rossi (Italia), Uros Nikolic (Serbia) eta Sebastien Clivaz (Suitza). Ez dute inor kanporatu.

Albisteak (3)