Itxi

ENDESA LIGA

Baskoniak galdu egin du Zaragozan, eta Kopa zaildu zaio (97-79)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gasteiztarrek, David Gil bigarren entrenatzailearen gidaritzapean, lehen zati oso kaskarra jokatu zuten, eta horrek erabakita utzi zuen partida etxekoen alde.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Casademont Zaragozak jipoia eman zion Bitci Baskoniari (97-79) astearte iluntzean, Endesa Ligako hamabosgarren jardunaldiko partidan.

Gasteizko taldeak kolpe gogorra jaso zuen Granadako Errege Koparako sailkapena ziurtatzeko asmoetan, lehen zati txarra jokatu ostean (52-26). Casademontek, berriz, ikasturteko seigarren garaipena lortu zuen, eta azken postuetatik aldendu da. Matt Mobley eskolta estatubatuarra, 20 punturekin, izan zen Jaume Ponsarnauren jokalaririk erginkorrena.

Gasteiztarren aldetik, berriz, Wade Baldwin IV.a joko-antolatzaile estatubatuarra nabarmendu zen, 16 punturekin.

Gasteizko taldearen nondik norakoak zuzentzeaz Davil Gil bigarren entrenatzailea arduratu zen; izan ere, neurketa jokatu baina ordu batzuk aurretik egindako antigeno probetan Neven Spahijak positibo eman zuen. Aitzitik, negatibo izan zen talde guztiari gerora egin zitzaion PCR probetan; dena den, zuhurtziaz jokatze aldera, ez zen Felipe Printzea kantxara bertaratu. Horrek guztiak 19:00etan hasi beharreko neurketa 22:00etan hastea eragin zuen azkenerako.

Fitxa teknikoa:

97 - Casademont Zaragoza (28+24+18+27): Bone (15), Mobley (20), Yusta (12), Radoncic (11), Deon Thompson (13) –hasierako bostekoa– Vanwijn (1), Cook (3), Vilà (-), Waczynski (9), Font (8) eta Hlinason (5).

79 - Bitci Baskonia (15+11+24+29): Baldwin (16), Granger (10), Giedraitis (13), Sedekerskis (3), Enoch (12) –hasierako bostekoa– Peters (-), Marinkovic (11), Fontecchio (8), Costello (3) eta Nnoko (3).

Epaileak: Benjamín Jiménez, Jorge Martínez eta Héctor Báez. Costello kaleratu zuten bi teknika adierazita (20. min), baita Baldwin ere (40. min) bost faltarekin.

Albisteak (2)

Bideoak (2)