4. porrota jarraian, Euroligan
Baskoniak bolada txarrean jarraitzen du
EITB Media
Bitci Baskoniak galdu egin du (89-78) Milanen aurka jokatu duen Euroligako 26. jardunaldiko partida. Laugarren porrota jarraian jaso du Gasteizko taldeak txapelketa honetan.
Bitci Baskoniak galdu egin du Armani Milanen aurka (89-78) ostegun honetan jokatu duen Euroligako 26. jardunaldiko partida. Gasteizko taldeak lau porrot jarraian jaso ditu txapelketa honetan.
Gaizki ekin dio Baskoniak neurketari, 8 eta 2 galtzen hasita. Hala ere, desabantaila murriztea lortu (8-5 eta 11-8) eta neurketa parekatu du. Lehen laurdenaren azken txanpan, ordea, Italiako taldeak zuloa ireki du markagailuan (21-10).
Bigarren laurdenaren hasieran desabantaila murriztu du Baskoniak (24-17), baina etxeko taldea estutasunetan egon denean, hirukoak sartzen hasi da. Hirukoen bidez, Milanek 15 puntuko abantaila erdietsi du neurketa atsedenaldira iritsi denean (40-25).
Milanek bideratuta utzi du garaipena hirugarren laurdenean. Pixkanaka abantaila handitzen joan da etxeko taldea 25 puntuko errenta izatera iritsi da (55-30). Neurketa maldan gora jarri zaion arren, Arabako taldeak aldeak murriztu ditu (66-48) laugarren laurdenera iritsi aurretik.
Azken hamar minutuetan emaitza txukuntzea izan du helburu Baskoniak. Milanek erlaxatuago jokatu du, eta Italiako taldeak lortu du garaipena 89-79ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
AX Armani Milan: Delaney (8), Ricci (-), Bentil (6), Melli (13) eta Hines (8) --hasierako taldea--; Kell (3), Grant (5), Rodríguez (14), Tarczewski (-), Hall (15), Daniels (13) eta Biligha (4).
Bitci Baskonia: Granger (4), Baldwin IV (16), Giedraitis (12), Fontecchio (5) eta Enoch (2) --hasierako taldea--; Raieste (2), Marinkovic (6), Costello (23), Sedekerskis (-), A.Peters (8) eta Kurucs (-).
Partzialak: 21-10, 19-15, 26-23 eta 23-30.
Epaileak: Javor, Nikolic eta Pastusiak. Delaney (AX Armani Milan) kanporatu dute bost falta egiteagatik.