Euroliga
Baskoniak Europako bolada txarra eten du, Efes 87-74 garaituta
EITB Media
Bitci Baskoniak garaipena erdietsi du Anadolu Efes taldearen kontra Buesa Arenan jokatu duen Euroligako atzeratutako 20. jardunaldiko partidan. Arabako taldeak zortzi porrot jarraian zeramatzan txapelketa honetan.
Bitci Baskoniak irabazi egin du Anadolu Efesen aurka (87-74) astearte honetan (martxoak 8) Buesa Arena pabiloian jokatu duen partida, Euroligako 20. jardunaldiko partida atzeratua. Arabako taldeak zortzi porrot jarraian zeramatzan pilatuta txapelketa honetan, eta turkiarren kontra garaituta eman dio amaiera bolada txarrari.
Ondo kantxaratu da Baskonia, eta 7-0 irabazten hasi da. Ergin Atamany Efeseko entrenatzaileak erritmoa eten eta Shane Larkin atera du. Baskoniako jokalari ohiak etxeko taldeak zuen abantaila azkar murriztu du bi hiruko jarraian sartuta. Larkin jaun eta jabe izan da lehen laurdenean, Gasteizko taldeko jokalariek ezin izan dute gelditu, eta lehen laurdena Turkiako taldearen aldeko 22-24ko emaitzarekin amaitu da.
Efesek abantaila handitu du bigarren laurdenaren hasieran. Aurkariari markagailuan ihes ez egiten uzten saiatu da Baskonia, Matt Costellok eta Steven Enochek taulapean egin dituzten puntuekin, baina asko kostatu zaio Anadolu Efesen defentsa gainditzea. Larkinen seigarren hirukoaren ostean etorri da etxeko taldearen susperraldia, eta Baskonia zazpi puntuko desabantailarekin joan da atsedenaldira (36-43).
Atsedenaldiaren ostean, Simone Fontecchiok eta Wade Baldwinek aurre egin diete Shane Larkini eta Vasilije Micici. Ondorioz, Baskoniak markagailua parekatzea lortu du. Partida hasieran egindako lan ona eta lehen txanpan eskaini duen joko-maila berreskuratu ditu Neven Spahijak zuzentzen duen taldeak. Gainera, Rokas Giedraitis ere hirukoak sartzen hasi da, eta Baskoniak lau puntuko errentarekin ekin dio azken laurdenari (62-58).
Sander Raiesteren lana erabakigarria izan da Gasteizko taldearentzat, estoniarra Larkin gelditzeko gai izan baita. Baskoniako jokalari ohiak min gutxiago egin du bigarren zatian, eta Efeseko jokalariek ezin izan dute defentsan gogor jokatu, bosgarren falta egiteko arriskuan baitzeuden; ondorioz, ezin izan dute errebotea behar bezala zaindu. Gauza horien guztien eraginez, Bitci Baskoniak zuloa ireki du markagailuan (80-68), nahiko eroso jokatu du azken minutuetan, eta garaipena lortu du, 87-74ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
87 - Bitci Baskonia (22+14+26+25): Baldwin (20), Giedraitis (10), Fontecchio (15), Peters (5) eta Costello (10) –hasierako taldea–; Raieste (11), Sedekerskis (3), Marinkovic (3), Granger (-), Enoch (7) eta Kurucs (3).
74- Anadolu Efes (24+19+25+16): Micic (23), Beaubois (5), Bryant (-), Moerman (4) eta Pleiss (4) –hasierako taldea–; Singleton (8), Larkin (21), Anderson (-), Petrusev (4), Tuncer (-), Gazi (-) eta Dunston (5).
Epaileak: Sasa Pulk (Eslovenia), Carmelo Paternico (Italia) eta Amit Balak (Israel). Ez dute inor kanporatu.