Itxi

Euroliga

Baskoniak play-off postuetan sartzeko aurrerapausoa eman du, Fenerbahçeri irabazita (77-62)

EITB Media

Leer en Castellano

Gasteizko taldeak mendean hartu du Turkiakoa Buesa Arenan jokatu den 31. jardunaldiko partidan.

Baldwin (Baskonia), jaurtiketa bat egiten Bookerren (Fenerbahçe) aurrean. Argazkia: EFE

Bitci Baskoniak irabazi egin du Fenerbahçeren aurka (77-62) asteazken honetan (martxoak 23) jokatu duen Euroligako 31. jardunaldiko partida, eta play-off postuetan sartzeko aurrerapausoa eman du.

Turkiako taldeak ondo ekin dio neurketari, baina bost hiruko sartuta erantzun dio Baskoniak. Neven Spahijak zuzentzen duen taldeak lan ona egin du defentsan, eta lehen hamar minutuen amaieran puntu bateko errenta erdietsi du (20-19).

Fenerbahçe bere jokalarien gaitasun fisikoa baliatzen saiatu da, baina Baskoniak ondo eutsi dio Baldwinek bost puntu jarraian sartuta. Defentsan, ordea, erraztasunak eman ditu etxeko taldeak bigarren laurdenean, eta erreboteetan nagusi izan dira turkiarrak. Zortzi puntuko zuloa ireki du markagailuan Fenerbahçek (30-38), Baskoniak ezin izan du desabantaila murriztu, eta Gasteizko taldea 32-40ko emaitzarekin joan da atsedenaldira.

Steven Enochek taulapean egin duen lana eta Alec Petersen saskiratzeak izan dira gakoa hirugarren laurdenaren hasieran. Erasoan ondo ibili dira etxeko taldeko jokalariak; laurdenaren azken txanpan, Baldwinek bederatzi puntu egin ditu jarraian, eta Baskoniak puntu bateko abantailarekin ekin dio azken laurdenari (54-53).

Arturs Kurucsek lan bikaina egin eta Pierria Henry gelditzea lortu du azken laurdenean. Erasoan ondo jokatzen eta saskiratzeak lortzen jarraitu du Neven Spahijaren taldeak. Simone Fontecchiok sartutako saskiratzeak 13 puntuko errenta eman dio etxeko taldeari, eta norgehiagoka erabakita utzi du. Saiatu da Arabako taldea abantaila handitzen, averagea alde izateko, baina ez du lortu. Amaieran, Baskonia nagusi (77-62).

Fitxa teknikoa:

77 - Bitci Baskonia (21+12+22+23): Baldwin (24), Fontecchio (10), Giedraitis (12), Peters (16) eta Costello (3) –hasierako taldea–; Sedekerskis (-), Marinkovic (-), Granger (-), Enoch (12) eta Kurucs (-).

62 - Fenerbahçe Beko (19+21+13+9): Henry (3), De Colo (8), Pierre (4), Booker (9) eta Floyd (2) –hasierako taldea–; Guduric (12), Mahmutoglu (-), Vesely (15), Polonara (2), Shayok (3) eta Hazer (4).

Epaileak: Olegs Latisevs (Letonia), Mehdi Difallah (Frantzia), Sergio Silva (Portugal). Booker kanporatu dute 38. minutuan, bost falta egin dituelako.

Albisteak (3)