Itxi

66-68 Joventuten aurka

Caja Laboralek porrot egin du Buesa Arenan

Redacción

Baskoniak ezin izan du garaipena eskuratu. 66-68 galtzen joan dira eta azken jabetza beraiek izan dute. Heurtelen hiruko saiakera eta saski barrura joan eta ezin izan dute irabazi.

Caja Laboralek 66-68 galdu du Joventuten aurka. Argazkia: EFE

Caja Laboral Baskoniak 66-68 galdu zuen Fiatc Joventuten aurka Gasteizko Buesa Arena pabilioian. Partida parekatua izan zen eta azken unean erabaki zen.

Norgehiagokari gogotsu eta maila onean ekin zion Baskoniak. Kosta egin zitzaien abantaila hartzea arabarrei Joventutek ondo erantzuten baitzuen. Momentu baten lau puntuko aldea (17-13) eskuratu zuen etxeko taldeak, baina lehen laurdeneko azken txanpan partida berdintzea lortu zuen talde bisitariak (17-17).

Bigarren laurdeneko lehen uneak parekatuak izan ziren. Joventutek bere maila onena azaldu zuen eta, 21-21eko berdinketaren ondoren, alde garrantzitsuak lortzen hasi ziren. Talde bisitariak hamaika puntuko aldea izan zuen (23-34). Baskoniak, ordea, garaiz erreakzionatu eta atsedenaldira iritsi orduko aldeak murriztea lortu zuen (31-36).

Atsedenalditik kantxara itzulita, Joventutek Caja Laboral Baskoniak baino hobeto ekin zion partidari. Penyak zazpi puntuko aldea (40-47) lortu zuen eta Baskoniak berriro lan egin behar izan zuen desabantaila murrizteko. Hirugarren laurdena talde katalanaren aldeko 53-55eko emaitzarekin bukatu zen.

Azken laurdenean denetarik gertatu zen. Bazirudien Baskoniak ezingo zuela Joventut gainditu talde bisitaria une oro aurretik baitzebilen markagailuan. Partida bukatzeko 13 segundo falta zirela 66-66 berdindu zuen Baskoniak. Ondoren, bi jaurtiketa libreak sartu zituen Penyak eta, azken jabetza Baskoniarentzat izan zen. Heurtelek hirukoa bilatu zuen, baina bere jaurtiketa ez zen sartu. Horrenbestez, Joventutek eskuratu zuen garaipena 66-68ko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

66 . Caja Laboral (17+14+22+13): Heurtel (3), Oleson (7), Nocioni (9), Teletovic (16), Lampe (13)-hasierako bostekoa-, Ribas (1), N. Bjelica (8), M. Bjelica (9).

68 . FIATC Joventut (17+19+19+13): Jeter (7), Van Lacke (4), Obasohan (3), Baez (10), Williams (12)-hasierako bostekoa-, Norel (8), Trías (8), Jelinek (9), Oliver (4), Barton (3).

Epaileak: Amoros, Murgui, Soto.