Itxi

Caja Laboral-Gescrap (100-70)

Baskoniak Gescrap jipoitu du Buesa Arenan

Erredakzioa

Talde bilbotarrari aise irabazi dio Caja Laboralek. Katsikarisen mutilak bigun azaldu dira defentsan eta etxekoek ez dute barkatu. Horrela, bi taldeak aurrez aurre izango dira berriz play-offetan.

Hervelle eta San Emeterio Buesa Arenako derbian. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

Caja Laboral (32+25+27+16): Prigioni, Oleson (5), Nocioni (9), N. Bjelica (17), Lampe (20)-hasierako bostekoa-, M. Bjelica (10), Ribas (9), Heurtel (10), Teletovic (7), San Emeterio (13).

Gescrap Bizkaia (16+14+24+16): Jackson (8), Vasileaidis (16), Mumbru (9), Banic (7), D. Fisher (4)-hasierako bostekoa-, Mavroeidis, Blums (2), Lopez (17), Grimau, Hervelle (7), J. Fischer.

Caja Laboral Baskoniak ez du errukirik izan eta Gescrap Bizkaia jipoitu du (100-70) arratsaldean Gasteizko Buesa Arenan jokatutako euskal derbian.

Horrela, play offetako lehen kanporaketan aurrez aurre izango dira berriro gasteiztarrak eta bilbotarrak final-laurdenetan. Gainera, kantxa faktorea alde izango du Baskoniak.

Caja Laboral Gescrap Bizkaiaren gainetik pasa da lehen zatian. 'Beltzezko Gizonek' neurketa gaizki hasi dute eta gasteiztarrek markagailuan abantaila lortzeko aprobetxatu dute.

Lampek eta San Emeteriok bizkaitarren saskia txikitu dute, bakoitzak 13 puntu sartu ditu lehen zatian. Katsikarisen mutilek ez dute jakin edo ezinm izan dute etxekoen erasoa geldiarazi.

Bigarren zatiaren hasieran Baskoniak ez du erritmoa jaitsi eta hiruko jaurtiketen bidez 67-36 erabakigarria jarri du markagailuan, 24. minutuan.

Azken laurdena norabide berean igaro da markagailuak (84-54) zalantzarako aukerarik utzi ez duelako.