FITXAKETA
Baskoniak Dani Diez hegalekoa fitxatu du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
San Pablo Burgos taldetik iritsiko da Gasteizera Jokalari madrildarra, eta denboraldi baterako sinatu du Arabako taldearekin.
Cazoo Baskoniak asteazken honetan jakinarazi duenez, Dani Diez hegaleko madrildarra fitxatu du denboraldi baterako.
Diezek (Madril, 1993) 298 partida jokatu ditu ACBn, 2011n Real Madrilekin debutatu zuenetik. Aurreko denboraldian, San Pablo Burgos taldean aritu zen, eta, batez beste, 7,8 puntu sartu, 5,7 errebote hartu eta 12ko balorazioa izaten zuen neurketa bakoitzean.
Horrela, Cazoo Baskoniak Europan eskarmentua duen jokalari bat sartu du taldean; izan ere, Euroliga txapelketan 71 aldiz aritu da, eta beste 40 aldiz, Eurokopan.
Gainera, 2,01eko altuera duen hegalekoak Gipuzkoa Basket, Unicaja eta Lenovo Tenerife taldeetan ere jardun du.
Hanzlik, Gironara
Ondrej Hanzlik jokalari txekiarrak datorren denboraldian Gironan utzita jokatuko duela jakinarazi du Baskoniak. Hanzlikek Endesa Ligan jokatzeko aukera izango du Aito Garcia Renesesek zuzentzen duen taldearekin.