Euskal Kopa
Baskonia, Euskal Kopako txapeldun Bilbao Basket mendean hartuta (87-91)
EITB Media
Arabako taldeak 87-91eko emaitzarekin irabazi dio Bizkaikoari eta Euskal Kopa bereganatu du.
Cazoo Baskoniak irabazi du Euskal Kopa asteazken honetan (irailak 21) Galdakaoko Urreta kiroldegian Bilbao Basket mendean hartuta 87-91eko emaitzarekin. Norgehiagoka parekatua izan da eta azken txanpan erabaki da.
Neurketako estreinako saskiratzea Baskoniak lortu duen arren (0-2), Bilbao Basket nagusi izan da lehen laurdenean. Bilboko taldeak markagailuan zuloa irekitzea lortu du hasierako lau minutuen ostean, eta 12 puntuko errenta erdietsi du (24-12).
Bigarren laurdenean, ordea, Arabako taldearen erreakzioa iritsi da, hiru minututan desabantaila bost puntura murriztuta (26-21). Pixkanaka, neurketa eta emaitza parekatzea lortu du Gasteizko taldeak, eta atsedenaldirako bi minutu falta zirenean zortzi puntuko abantaila izan du (31-39). Bigarren laurdeneko azken txanpan, aldiz, Bilbao Basketek neurketa berdintzea lortu du (39-39).
Atsedenaldiaren ostean hobeto ibili da Bilbao Basket (44-39). Baskoniak azkar erantzun du, eta ez dio aurkariari zuloa irekitzen utzi (44-42). Ondoren, Bilboko taldeak abantaila hartu du beste behin (57-52), baina talde gasteiztarra nagusi izan da hirugarren laurdenaren azken txanpan eta Baskoniaren aldeko 67-73ko emaitzarekin heldu da partida azken laurdenera.
Hirugarren laurdenaren amaierako bolada onak hauspotu egin du Baskonia eta Arabako taldeak 13 puntuko abantaila erdietsi du (67-80) laugarren laurdeneko lehen minutuetan. Kostata izan bada ere, Bilbao Basketek aurkariak sartu dion partziala moztu du (72-80). Neurketako azken bi minutuetara sei puntuko errentarekin iritsi da Baskonia (79-86). Puntu bakarrera gerturatu da Bilbao Basket amaierarako minutu bat falta zenean (85-86). Lehiak emozioa izan du amaierara arte. Baskoniak bi puntuko abantailarekin ekin die amaierako 11 segundoei (87-89); Bilbao Basketek jabetza izan du partida berdindu edota markagailuan aurretik jartzeko, baina Bilboko taldeak ezin izan du gainditu Arabakoaren defentsako lan ona; ondorioz, amaieran bi jaurtiketa libre sartuta Baskoniak bereganatu du garaipena (87-91).
Fitxa teknikoa:
87 - Surne Bilbao Basket (24+15+28+20): Adam Smith (15), Radicevic, Rabaseda (4), Andersson (18) eta Withey (11) -hasierako taldea-; Francis Alonso (12), Alex Reyes (8), Sulejmanovic (7), Kyser (9), Ubal (3), Rosa eta Betolaza.
91 - Cazoo Baskonia (12+27+34+18): Darius Thompson (4), Raieste (3), Giedraitis (13), Daulton Hommes (18) eta Enoch (11)-hasierako taldea-; Kurucs, Marinkovic (9), Sedekerskis (8), Costello (13), Kotsar (12) eta Milaknis.
Emaitza laurden bakoitzean: 24-12, 39-39 (atsedenaldia); 67-73 eta 87-91 (amaiera).
Epaileak: Juan Carlos García, Ruben Sanchez eta Sergio Manuel. Darius Thompson Baskoniako jokalaria kanporatu dute bost falta egin dituelako.