Euroliga (13. jardunaldia)
Baskoniak hirugarren garaipena jarraian lortu du Euroligan, Anadolu Efes mendean hartuta (78-83)
A. B. E. | EITB Media
Arabako taldeak irabazi egin du Turkian jokatu duen Euroligako 13. jardunaldiko partida, eta gainditu egin du sailkapenean talde turkiarra.
Cazoo Baskoniak garaipena bereganatu du Anadolu Efesen aurka 78-83ko emaitzarekin asteazken honetan (abenduak 14) jokatu duen Euroligako 13. jardunaldiko partida. Gainera, norgehiagoka hau irabazita, talde gasteiztarrak gainditu egin du turkiarra sailkapenean.
Turkiako taldeak sartu du neurketako lehen saskiratzea (2-0), baina jarraian iritsi da Baskoniaren erantzuna (2-2). Hasierako minutu parekatuen (4-5) ostean, Anadolu Efesek zuloa ireki du markagailuan (16-7). Bolada txarra gainditu, eta Arabako taldeak desabantaila murriztea lortu du (16-13). Ondoren, ordea, talde turkiarrak zortzi puntuko errenta bereganatu du, nahiz eta Baskonia hiru puntura gerturatu den lehen hamar minutuen amaieran Marinkovicek sartutako hirukoari esker (23-21).
Maldan gora jarri zaio norgehiagoka Gasteizko taldeari bigarren laurdenean. Anadolu Efes nagusi izan da kantxan, eta 12 puntuko abantaila erdietsi du (36-24) lehiako 15. minutuan. Ezinean ibili dira Cazoo Baskoniako jokalariak; hala ere, hamar puntura murriztu dute desabantaila, atsedenaldira iritsi aurretik (46-36).
Atsedenaldia ondo etorri zaio Arabako taldeari, hirugarren laurdenari bikain ekin baitio. Pixkanaka, desabantaila murriztu du Baskoniak, eta lau puntura gerturatu da neurketako 25. minutuan (54-50). Laurdena bukatzeko bi minutu falta zirenean, berdindu egin du Gasteizko taldeak (56-56). Ondoren, aurrea hartu du Baskoniak (56-58), eta aldeko 58-64ko emaitzarekin heldu da azken laurdenera.
Hamar puntuko errenta lortu du Cazoo Baskoniak laugarren laurdenaren hasieran (58-68). Hala ere, apurka-apurka Anadolu Efes desabantaila murrizten hasi da, eta amaierarako 4 minutu eta 40 segundo falta zirenean neurketa berdindu du (70-70). Jarraian, aurretik jarri dira turkiarrak (73-72). Baskoniak, ordea, lanean jarraitu du, ez du etsi, eta aurrea hartu ostean (73-74), bost puntuko abantailarekin heldu da azken 46 segundoetara (73-78). Hirukoa sartuta bi puntura jarri da Anadolu Efes (76-78). Azken jabetzak bikain baliatu ditu Baskoniak. Azkenean, garaile izan da Arabako taldea (78-83).
Fitxa teknikoa:
78 - Anadolu Efes (23+23+12+20): Micic (17), Beaubois (10), Bryant (5), Polonara (3) eta Pleiss (6) -hasierako taldea-, Clyburn (15), Taylor (2), M'Baye (16), Zizic (4) eta Dunston (-).
83 - Cazoo Baskonia (21+15+28+19): Thompson (8), Howard (19), Giedraitis (11), Hommes (5) eta Kotsar (6) -hasierako taldea-, Raieste (-), Marinkovic (18), Sedekerskis (6), Enoch (4), Costello (6) eta Kurucs (-).
Epaileak: Ilija Belosevic (Serbia), Saso Petek (Eslovenia), Amit Balak (Israel). Micic kanporatu dute (40. min) bost falta egin dituelako. Falta teknikoa adierazi diote Peñarroyari (23. min).