OSTIRAL HONETAN
Baskoniak Kaunasen jokatuko du bere Europako 700. partida
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Arabako taldeak 1985ean egin zuen debuta nazioarteko saskibaloian eta 400 garaipen lortu ditu jada.
Cazoo Baskoniak ostiral honetan Zalgirisen aurka jokatuko du Europako bere 700. partida, zeinen horietatik 575 Euroligakoak dira.
Gasteizko taldea Europako txapelketarik garrantzitsuenean partida gehien jokatu dituen hirugarren taldea da, Bartzelonak (594) eta Olympiakosek (580) bakarrik gaindituta.
Arabako taldearen debuta Europan 1985eko urriaren 5ean izan zen, Caja Alavak elitean jokatu zuen lehen partida Super Crack taldearen aurka Holandako Werkendam herrian.
Partida hura lehen garaipen kontinentala izan zen (73-88), eta ordutik, 33 denboraldi egin ditu Baskoniak Europan.
1996an altxatu zuen bere Europako titulu bakarra, Errekopa, 1994an eta 1995ean Laussaneko eta Istanbulgo finaletara iritsi ondoren.
Euroligaren hasieratik, Baskoniak bost Lauko Final jokatu ditu (2005-2006-2007-2008-2016), eta baita egungo txapelketaren lehen finala ere, 2001ean, Bolognako Kinderren aurka.
699 partida horietan 400 garaipen, 297 porrot eta bi berdinketa lortu ditu, hau da, partidetako % 57,22 irabazi ditu.