Itxi

Kopa

Baskoniak ezin izan du bigarren zatian, Joventuten aurka, eta Kopatik at geratu da (94-81)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Atsedenaldira arte, Gasteizko taldeak jokoa eta markagailua kontrolatu ditu; baina, hirugarren laurdenean, Joventutek, etxeko taldea bera, mendean hartu du Baskonia. Peñarroyaren gizonek ez dute aukerarik izan azken minutuetan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Cazoo Baskoniak 94-81 galdu du ostiralean Joventuten aurka Kopako final laurdenetan Palau Olimpicen. Joan Peñarroyaren taldeak ezin izan du bigarren zatian, atsedenaldira arte jokoa eta markagailua kontrolatu badu ere (35-42 zen emaitza 20. minutuan); hirugarren laurdenean etxeko taldeak 33 puntu egin ditu eta soilil 15 jaso, eta partida erabat aldatu da. Azken minutuetan, Baskoniak ez du aukerarik izan, eta, azkenean, Kopatik kanpo geratu da.

Baskoniak oso ondo ekin dio kanporaketari. Pentsatzeko modukoa zen Joventut, kontuan izanik etxeko taldea dela eta Palau Olimpiceko giro bikainak babestuta, indar handiz irteteko asmoa izango zuela; baina ez da horrela gertatu. Peñarroyaren gizonek 13 puntuko aldea ere erdietsi dute, oraindik lehen laurdenean, 4-17koan; bazirudien Joventutek ez zuela erantzunik aurrean zuen erronkari heltzeko, eta ez zuen batere asmatzen erasoan.

Minutuek aurrera egin ahala, nolanahi ere, jokoa orekatu egin da. Joventutek sendotu egin du defentsa, eta saskiratzeak sartzen hasi da; lehen laurdena amaituta, markagailuan bost puntu gehiago zituen Baskoniak (14-19), baina bigarren laurdenean etxeko taldeak berdinketa ezartzea lortu du (32-32), atsedenaldirako bi minutu baino gutxiago geratzen zirela.

Baskonia, baina, ondo zebilen, gogor defentsan eta korrika egiten saiatuz. Atsedenaldian, Gasteizko taldeak zazpi puntuko aldea izan du, Matt Costellok azken jokaldian sartutako hiruko bati esker; Joventutek, aurreko segundoetan, bi jaurtiketa libre izan ditu, baina bietan kale egin du, markagailua estutzeko aukera galduta.

Hirugarren laurdenean, neurketako hasieran ez bezala, etxeko taldea izan da nagusi. Datu oso esanguratsu batek azaltzen du zer gertatu den laurden horretan: Joventutek 33 puntu sartu ditu, eta Baskoniak 15 besterik ez. Arabako taldea erabat deseroso ibili da, eta Carles Duranen gizonek, aldiz, zaleek bultzatuta, bikain jokatu dute. 30. minutuan, 68-57.

Kanporaketako azken laurdenean, Baskonia ahalegindu da emaitza estutzen, baina Joventutek hamar puntutik gorako aldeak izan ditu une oro. Ante Tomic kroaziarra nabarmendu da, 18 puntu sartu ditu guztira, eta Kataluniako taldeko gainerako jokalariek ere lan ona egin dute. Lenovo Tenerife izango du aurkari Joventutek finalerdian; Baskoniak itxaropen handia zuen txapelketa honetan, oso ondo baitabil denboraldian, baina ezin izan du aurrera egin eta beste Kopa batera arte itxaron beharko du.

Fitxa teknikoa

94 - Joventut Badalona (14+21+33+26): Vives (2), Guy (10), Parra (15), Brodziansky (12), Tomic (18) -hasierako bostekoa-, Feliz (10), Ribas (8), Birgander (7), Ellenson (10), Busquets (2), Ventura (-) eta Kraag (-).

81 - Cazoo Baskonia (19+23+15+24): Thompson (11), Howard (11), Giedraitis (13), Costello (7), Enoch (8) -hasierako bostekoa-, Marinkovic (7), Diez (3), Sedekerkis (12), Heiddeger (7) eta Kotsar (2).

Bideoak (2)