Itxi

Euroliga

Baskoniak erakustaldia eman du Valentziaren aurka (114-75)

EITB Media

Leer en Castellano

Gasteizko taldeak garaipena bereganatu du Buesa Arenan jokatutako Euroligako 26. jardunaldiko partidan.

Marinkovic (Baskonia) baloiarekin, aurrean Lopez Arostegui (Valentzia) duela. Argazkia: EFE

Cazoo Baskoniak irabazi egin du Valentziaren aurka (114-75) ostiral honetan, martxoaren 3an, Buesa Arenan jokatutako Euroligako 26. jardunaldiko partida. Gasteizko taldea hasieratik amaieraraino izan da jaun eta jabe. Daulton Hommes izan da norgehiagokako izarra, 31ko balorazioa erdietsita.

Erritmo biziaren hasi da neurketa, eta bi taldeek erraztasunez lortu dute baloia saskian sartzea lehen minutuetan. Chris Jonesek eta Darius Adamsek izan dute aginte-makila, baina Valentzia izan da abantailak lortu dituen lehena, hiruko jaurtiketetan etxeko taldea baino gehiago asmatuta. Lehen laurdeneko azken txanpan, ordea, Baskoniak hobetu egin du defentsako lanean, eta 9-0eko partziala erdietsi du, batez ere Daulton Hommesi esker. Lehen hamar minutuak 27-24ko emaitzarekin amaitu dira.

Hasiera bikaina eman dio talde arabarrak bigarren laurdenari. Vanja Marinkovicek lortutako bost punturi eta hiruko jaurtiketetan asmatu izanari esker ireki du zuloa Baskoniak (36-28). Thompsonen eta Marinkovicen jaurtiketak izan dira gakoa Valentziari min egiteko. Baskoniako joko-antolatzailea bikain ibili da bigarren laurdeneko amaierako minutuetan, eta Joan Peñarroyak zuzendutako taldea bederatzi puntuko errentarekin joan da atsedenaldira (57-48).

Hirugarren laurdenean ere nagusi izan da etxeko taldea. Baskoniak 8-2ko partziala sartu dio Valentziari atsedenaldiaren osteko lehen minutuetan, eta garaipena bideratuta utzi du. Valentzia ezinean ibili da. Gasteizko taldeak 22 puntuko abantaila izan du, baina Jared Harperri esker 17ra murriztu desabantaila (81-64) Alex Mumbruk zuzendutako taldeak.

Azken laurdenari ekin orduko dena erabakita egon da, baina Baskoniak ez du erritmoa moteldu, eta Valentzia txikitu du. Mumbruren mutilak noraezean ibili dira. Amaieran, Baskonia garaile 114-75eko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

114 - Cazoo Baskonia (27+30+24+33): Thompson (16), Howard (-), Giedraitis (14), Hommes (24) eta Kotsar (7) -hasierako taldea-, Heidegger (6), Raieste (4), Marinkovic (14), Diez (8), Costello (15) eta Kurucs (6).

75 - Valentzia Basket (24+24+16+11): Jones (9), Radebaugh (5), Lopez-Arostegui (13), Webb III (10) eta Dubljevic (1) -hasierako taldea-, Puerto (-), Harper (15), Prepelic (8), Rivero (10), Evans (4), Pradilla (-) eta Claver (-).

Epaileak: Sasa Pukl (Eslovenia), Fernando Rocha (Portugal), Maxime Boubert (Frantzia). Harper Valentziako jokalaria kanporatu dute 36. minutuan, bost falta egin ostean. Falta teknikoa adierazi diote Baskoniako aulkiari, 24. minutuan.

Albisteak (3)