Itxi

Euroliga

Baskoniak erakustaldia eman du Asvelen aurka (120-100), eta Olympiakosen etxean izango du play-offa jokoan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Sailkatzea bermatzeko, Joan Peñarroyaren gizonek, Euroligako fase erregularreko azken jardunaldian, Grezian irabazi beharko dute, txapelketako liderraren kantxan; lortuko ez balute, Gasteizko taldeak beharko luke Zalgiris Kaunasek Bayern Munichen aurka galtzea.

Enoch, baloiarekin, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Cazoo Baskoniak ezinbesteko garaipena lortu du ostegun gauean, Gasteizen, Asvel Villeurbanne Frantziako taldearen kontra, 120-100eko emaitzarekin, Euroligaren fase erregularreko azken-aurreko jardunaldian, partida ikusgarri eta entretenigarria jokatuz. Garaipena guztiz garrantzitsua izan da Joan Peñarroyaren gizonentzat; izan ere, Baskoniak ez du behar inoren laguntzarik azken jardunaldian play-offetara sailkatzeko, alegia, Euroligako lehen zortzien artean kokatzeko. Erronka, baina, ez da batere erraza: play-offetara aurrera egiteko, Arabako taldeak Grezian irabazi behar du, Oympiakosen etxean, hau da, liderraren kantxan. Baskoniak Pireon galduko balu, beharko luke Zalgiris Kaunasek Bayern Munichen etxean galtzea.

Hori hurrengo ostegunean izango da, zirrara handiko gau batean. Gertu izan du Baskoniak sailkatzea ziurtatzeko aukera ostegun honetan bertan baliatu ahal izatea; Gasteizko partida hasi aurretik Makabi Tel Avivek Kaunasen irabazi izan balu, Peñarroyaren jokalariek Buesan bertan sinatu ahalko zuten play-offetarako txartela. Zalgirisek, baina, 68-67 menderatu du Makabi, zituen aukerari eutsi dio, eta, gainera, Baskonia irabaztera behartu du. Euskal taldearen erantzuna ezin hobea izan da: Euroligan inoiz baino puntu gehiago erdietsi ditu, bere historiako marka apurtuta. 

32 puntu sartu ditu Baskoniak lehen laurdenean. Jokoak erritmo bizi-bizia izan du. Pentsatzeko modukoa da Peñarroyaren gizonek jarraitu dutela, nolabait, Zalgirisen emaitza, baina argi dago Lituaniako taldearen garaipenak ez diola Baskoniari arreta batere galarazi; izan ere, Gasteizko taldea borrokarako erabat prest kantxaratu da. Hori bai, Asvelek ere partida hasiera ona burutu du, 24 puntu eginda. Lehen hamar minutuen amaieran, zortzi puntuko aldea zegoen markagailuan; ziztu bizian igaro da laurden hori.

Egia esan, bigarren laurdenean ere egin dituzte saskiratze asko bi taldeek; 55-51 amaitu da, 23-27ko partziala markatuta. Ematen zuen, baina, bisitariak komeni baino erosoago zeudela neurketan. Ikusgarria zen jokoa, gozatzeko modukoa, baina Baskoniak behar zuen Asvel ez ibiltzea horren lasai erasoan. Atsedenaldian, horrenbestez, emaitza espero baino orekatuago zegoen, kontuan izanik zer zuen jokoan talde bakoitzak.

Hirugarren laurdenean, Baskoniak puntu asko sartzen jarraitu du (beste 33 egin ditu), baina, horrez gain, defentsako lana hobeto egin ahal izan du, eta markagailua askoz ere argiago jarri du bere alde. Azken hamar minutuak geratzen zirela, markagailuak 88-75 adierazten zuen; bazirudien partida amaierako emaitza zela, baina kontua da Peñarroyaren taldeak nahi zuela Buesan zeuden 11.000 zalek baino gehiagok gau bikaina igarotzea. Laurden bat falta zen oraindik, eta bazirudien Arabako taldeak, beste behin, 100 puntutik gora egin ahalko zituela.

Norgehiagoka bukatzeko sei minutu baino gehiago zeudela lortu du. Partidako azken txanpan, berriro ere, festa lehertu da pabiloian. Baskoniak, guztira, 17 hiruko saskiratze erdietsi ditu; Thompson bikain aritu da, eta zaleek zutik agurtu dituzte jokalari guztiak. Zazpi egun daude aurretik Pireoko partidarako, eta euskal taldeak merezi duen saria eskuratu nahi du bertan.

Fitxa teknikoa

120 - Cazoo Baskonia (32+23+33+32): Thompson (23), Marinkovic (10), Giedraitis (19), Hommes (12) eta Kotsar (15) -hasierako taldea-, Howard (5), Heidegger (3), Raieste (-), Diez (6), Kurucs (10), Enoch (8) eta Costello (9).

100 - Asvel Villeurbanne (24+27+24+25): Bost (12), De Colo (19), Kahudi (11), Lighty (12) eta Fall (4) -hasierako taldea- Mathews (25), Obasohan (4), Tyus (4) eta Pons (9).

 

Albisteak (3)