Euroliga
Baskoniak galdu egin du Olympiakosen aurka (86-78), eta ostiralean Bayernek Zalgiris menderatzea behar du
EITB MEDIA
Gasteizko taldea amaierara arte borrokatu da Euroligako fase erregularreko txapeldunaren kantxan, baina aurkaria sendo ibili da eta ez die aukerarik eman Peñarroyaren gizonei. Bayernek Zalgiris Kaunas Munichen mendean hartzen badu, Baskonia play-offetarako sailkatuko da.
Cazoo Baskoniak galdu egin du Pireon, ostegun gauean, Olympiakosen aurka, 86-78, Euroligako fase erregularreko azken jardunaldian, eta, hortaz, ezin izan du eskuratu Europako txapelketarik handieneko play-offetarako txartela. Dena dela, euskal taldeak beste abagune bat du oraindik; izan ere, ostiralean Alemanian jokatuko duten Bayern Munich-Zalgiris Kaunas partidan Bayernek Zalgiris menderatzen badu, Baskonia play-offetan izango da, Europako zortzi talde onenen artean. Grezian, Joan Peñarroyak zuzentzen dituen gizonak amaierara arte borrokatu dira, Euroligako fase erregularreko txapeldunaren kantxan, baina aurkaria sendo ibili da eta ez die aukerarik eman.
Erronka zaila zuen Baskoniak, kontuan izanik non zuen jokoan sailkatzea eta Euroligan izandako ibilbide bikainari amaiera ezin hobea ematea: talde indartsu baten etxean galdu du aurrera egiteko aukera. Georgios Bartzokasek zuzentzen dituen jokalariek jokoaren egoera ia guztietarako dute erantzuna, eta, gainera, garaipena behar zuten beraiek ere, fase erregularreko lehen postua ziurtatzeko. Partida hasieran, Baskoniak ez du asmatu, baina ez du amore eman, eta amaierarako bi minutu falta zirenean lau edo bost puntura jartzeko aukera izan du. Ez du lortu, baina ez dago dena galduta: Bayern Munichek etxean Zalgiris Kaunas mendean hartuz gero, Baskoniak sailkatzea lortuko du.
Zaila egin zaio Baskoniari partidan sartzea. Lehen laurdenean, Peñarroyaren taldeak soilik 11 puntu egin ditu, eta ematen zuen ez zegoela batere eroso kantxan. Howard izan da, lehen hamar minutuetan, erasoan gehien asmatu duena; haren ekarpenak eta Gasteizko taldeak egindako defentsa onak lagundu dute Olympiakosek alde handirik ez hartzeko markagailuan. Azkenean, 19-11 amaitu da lehen laurdena.
Gertu izan du Baskoniak emaitza berdintzea, bigarren laurdenari bikain ekin baitio; 21-20koak itxaropentsu egoteko arrazoiak eman dizkie, baina Greziako taldea berriro aldendu da markagailuan. Howardek lehen zati ederra egin du, 15 puntu sartuta; baina errebotean, Olympiakos Baskonia baino askoz hobeto ibili da: Bartzokasen jokalariek 25 errebote hartu dituzte, eta Arabako taldeak 13. Atsedenaldirako, bi taldeen arteko aldea 12 puntukoa zen, 45-33. Baskoniak markagailua irauli behar zuen, sailkatzeko helburua lortzeko.
Joan Peñarroyaren taldea gogor borrokatu da hirugarren laurdenean. Olympiakos 53-40 jarri da, baina Baskoniak 0-9ko partziala lortu du segituan. Greziako taldearen barneko jokoa kontrolatzen saiatu dira bisitariak, baina etxekoek kanpoaldetik asmatzen jarraitu dute; azken hamar minutuak falta zirenean, 66-55ekoak zail jarri dio bere helburua Gasteizko taldeari, baina Baskoniak ez du amore eman.
Norgehiagokaren azken txanpan, Bartzokasen gizonek 17 puntuko aldea jarri dute (72-55), eta ematen zuen Baskoniaren helburua ezinezkoa izango zela; bi minutu baino gehiago jokatu behar zituztenean, baina, Baskoniak erasoa izan du bost edo lau puntura bakarrik kokatzeko: hain zuzen, 80-73koa behartu dute Arabako taldearen jokalariek. Hurrengo minutuan, markagailua ez da aldatu, eta horrek behin betiko zapuztu ditu Baskoniaren itxaropenak, Pireoko neurketan.
Amaierako 86-78koarekin batera, Markus Howarden partida bikaina nabarmendu behar da; izan ere, 29 puntu sartu ditu, zazpi hiruko gauzatuta. Rokas Giedraitisek 13 puntu sartu eta 8 errebote hartu ditu, eta Darius Thompsonek 11 puntu egin, 8 errebote hartu eta 6 asistentzia eman ditu. Olympiakosen aldetik, talde osoa ibili da ondo, baina bereziki Shasa Vezenkov nabarmendu da: 23 puntu sartu eta 10 errebote hartu ditu.
Fitxa teknikoa
86 - Olympiakos (19+26+21+20): Walkup (-), Canaan (3), Papanikolau (16), Vezenkov (23) eta Fall (2); Sloukas (15), Larentzakis (5), McKissic (9), Bolomboy (3), Peters (5) eta Black (5).
78 - Cazoo Baskonia (11+22+22+23): Thompson (11), Marinkovic (9), Giedraitis (13), Hommes (-) eta Kotsar (6); Heidegger (2), Howard (29), Diez (-), Costello (5), Enoch (2) eta Kurucs (1).
Epaileak: Sreten Radovic (Kroazia), Gytis Vilius (Lituania), Seffi Shemmesh (Israel). Ez dute inor kanporatu.