Lagapena
Ousmane Ndiaye Baskoniako jokalariak Palentzian jokatuko du, utzita, 2023-24 denboraldian
EITB MEDIA
19 urteko pibot senegaldarra Baskoniaren lehen taldearekin aritu da denboraldiaurrean, eta Endesa Ligan jarraituko du bere prestakuntza; izan ere, Palentzia Endesa Ligan lehiatuko da hastear dagoen denboraldian.
Ousmane Ndiaye Baskoniako jokalaria Zunder Palentzia taldean arituko da, utzita, 2023-24 denboraldian, ostegunean bi klubek adostu dutenez. Hala, 19 urteko pibot senegaldarrak, denboraldiaurrea Baskonian lehen taldearekin egin ostean, Endesa Ligan jarraituko du bere prestakuntza; izan ere, Palentzia Endesa Ligan lehiatuko da hastear dagoen denboraldian.
Marco Justo entrenatzailearen esanetara egongo da Ndiaye. 2022-23 denboraldian, Zilarrezko LEB Ligan, Baskoniaren bigarren taldean aritu zen, eta, batez beste, 9,2 puntu sartu eta 7,5 errebote hartu zituen partidako.
Hasiera batean, pibotak aurtengo draftean izena eman zuen, baina hautaketa egin aurretik kendu zuen bere hautagaitza, 2024an berriro saiatzeko asmoz.