Urriaren 5ean, ostegunez
Play-offetarako sailkatzeko aukerak ditu Baskoniak, abian den Euroligan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gasteizko taldeak play-offetan sartzeko asmoz ekingo dio aurtengo Euroligari, Berlinen jokatuko den lauko finalerako txartel baten bila.
Ostegun honetan abiatuko da 2023-2024 denboraldiko Euroliga, Real Madrilek defendatuko duen titulua lortzeko xedez. Horien artean, Baskonia dago, play-offetarako bidean. Gasteizko taldeak etxean jokatuko du lehen neurketa, Real Madril txapeldunaren kontra, hain zuzen ere. Hitzordua ostiral honetan, urriak 6, izango da, 20:30etik aurrera.
Apirilaren 12ra arte luzatuko den Fase Erregularrarekin hasiko dute lehia 16 taldeek, 'play-in' izeneko berrikuntza tartean dela. Horren arabera, NBAn gertatzen den moduan, zazpigarren, zortzigarren, bederatzigarren eta hamargarren sailkatuek elkarren artean jokatuko dituzte hurrengo fasera igarotzeko bi toki.
Edizio honetan, klub batek baino gehiagok taldea indartzeko fitxaketak egin ditu, NBAn gustura ez dauden jokalariak ekarrita. Izan ere, kirolari horientzat txapelketa erakargarria da Europakoa, kirol-mailagatik eta harmailetan bizi den giro bikainagatik.
Besteak beste, Kemba Walker 33 urteko basea fitxatu du Monakok. Lau aldiz "All-Star" izan da Walker. Frantziako taldea Euroligako lau onenen artean sailkatu zen iragan sasoian.
Horrez gain, Juancho eta Willy Hernangomez Europara bueltatu dira, Panathinaikos talde greziarrean eta Bartzelonan jokatzeko. Era berean, Jabari Parker ere Kataluniara joan dela aipatu beharra dago: 2014an, NBAko drafteko bigarren aukeratu zuten, Milwaukee Bucks taldean.
Serge Ibakak, bere aldetik, Pablo Lasoren Bayernen aritzeko erabakia hartu du. Ibakak NBAko eraztuna irabazi zuen 2019. urtean, eta AEBn jokatzen zuen 2009az gero.
Garbi dago oso lehia irekia eta handia espero dela, Real Madril egungo txapeldunaren tokia hartzeko asmoa duten talde lehiakorrekin.