Laugarren jardunaldia
Chima Moneke Baskoniako jokalaria, Endesa Ligako laugarren jardunaldiko jokalaririk onena
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hegaleko pibot nigerriarrak 26 puntu, 11 errebote eta 37 puntuko balorazioa lortu zituen Baskoniak Granadaren kontra jokatutako neurketan. Halaber, hiru asistentzia egiteaz gain, hiru falta behartu zituen eta tapoi bat ere jarri zuen.
Chima Moneke Baskoniako jokalari nigerriarra Endesa Ligako laugarren jardunaldiko jokalaririk onena izendatu dute, Coviran Granadaren aurka lortutako garaipenean (81-90) egindako lanagatik. Monekek 26 puntu saskiratu zituen, baita 11 errebote eta 37 puntuko balorazioa eskuratu ere.
Bikain aritu zen neurketa osoan Baskoniako pibota; izan ere, hirutik hiru jaurtiketa libre saskiratu zituen, biko bederatzi jaurtiketetatik zazpi barrura joan ziren, eta lau hirukotatik hiru asmatu zituen. Orobat, hiru asistentzia egiteaz gain, hiru falta behartu zituen, eta tapoi bat ere jarri zuen.
Jardunaldi honetako izendapenarekin, hiru dira dagoeneko Monekek lortu dituenak. BAXI Manresa taldean jokatzean zuenean, beste bi aldiz izan zen jokalari onena, 2021-22 denboraldiko 15. eta 31. jardunaldietan. Igande honetako 37 puntu horiek, bestetik, Baskoniako jokalari batek egindako markarik onena dira 2022ko apirilaz gero.