35. urteurrena
Josean Querejeta, 35 urte Baskoniako presidente karguan
EITB Media
Lazkaokoak 1988an hartu zuen klubeko burua izateko ardura. Saskibaloi munduan presidente karguan urte gehien daraman agintaria da.
Jose Antonio Querejetak 35 urte bete ditu Saski Baskoniako presidente karguan. Saskibaloiko jokalari ohiak 1988ko urriaren 27an hartu zuen klubeko presidente kargua, kirolari profesional gisa erretiroa hartu ostean.
Jose Antonio Santamariak dimititu ondoren hartu zuen kluba kudeatzeko ardura Querejetak. 35 urte geroago, Baskonia Europako liga onenean (Euroliga) lehiatzen ari da eta Endesa Ligako (ACB) talde handienetakoa da.
Querejeta presidente denetik, Baskoniak Euroligako bost aldiz jokatu du Lauko Finala. Gainera, 2019ko Lauko Finala Gasteizko Buesa Arenan jokatzea lortu zuen. Horrez gain, ACBn titulu gehien dituzten kluben zerrendan hirugarrena da, titulu hauek baititu: 4 liga, 6 Errege Kopa eta 4 Superkopa.
Saskibaloian egindakoaz gain, 2011n Alaves kudeatzeko ardura ere hartu zuen, kluba egoera ekonomiko oso zailean zegoenean. Ordutik, klubaren ekonomia onbideratu du, eta gizonezkoen lehen taldea Lehen Mailara eraman du, baita inoizko gizarte-masa handiena izatea lortu ere. Horrekin batera, 2017an emakumezkoen futbol-egitura gaineratu zuen, Alaves Gloriosas sortuta. Hala, 2020-2021 denboraldian, emakumezkoen lehen taldea maila gorenera igo zen; hurrengoan, 2021-2022 sasoian, mailari eutsi zion; eta, 2022-2023 sasoian, Bigarren Mailara jaitsi zen. Aurten (2023-2024), Bigarren Mailan igoera lortzeko hautagai nagusietako bat da.