Fitxaketa
Baskoniak Chris Chiozza base estatubatuarra fitxatu du denboraldi amaierara arte
AGENTZIAK | EITB MEDIA
27 urteko jokalaria Floridako Unibertsitean hezi zen, eta 2018-19 denboraldian egin zuen debuta NBAn, Houston Rockets taldearekin. Bi urte geroago, txapelduna izan zen, Golden State Warriors taldearekin.
Chris Chiozza base estatubatuarra Baskoniako jokalaria izango da aurrerantzean, Gasteizko klubarekin denboraldi honetarako akordioa adostu ostean. "Taldeari indarra eta esperientzia" emateko helburuarekin fitxatu dute, ohar baten bidez jakinarazitakoaren arabera.
"Chris Chiozza (Memphis, 1995) fitxatu du Baskoniak, Dusko Ivanovicen aginduetara lan egingo duen joko-antolatzaile berria. Base amerikarrak denboraldi amaierara arteko konpromisoa hartu du, eta datozen orduotan iritsiko da Gasteizera", iragarri du taldeak webgunean.
27 urteko jokalaria Floridako Unibertsitatean hezi zen, eta 2018-19 denboraldian egin zuen debuta NBAn, Houston Rockets taldearekin. Bi urte geroago, NBAko txapelduna izan zen, Golden State Warriors taldearekin. G-Leaguen ere ibili zen Chiozza, eta partida bakoitzean batez beste bederatzi asistentzia eman zituen.
Chiozza iaz iritsi zen Endesa Ligara, denboraldiaren azken txanpan UCAM Murtzia taldean jokatzeko. Batez beste, 9,9 puntu egin eta 3,5 asistentzia emateaz gain, 5,4 errebote hartu eta 11,6 kredituko balorazioa lortu zuen neurketa bakoitzean.