Itxi

Euroliga

Miller-McIntyrek azken segundoan eman dio Baskoniari garaipena Olympiakosen aurka, Pireon (74-75)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gasteizko taldeak 15 puntuko aldea zuen atsedenaldian, 35-50, baina etxekoek, bigarren zatian, markagailua irauli dute, eta abantaila zutela iritsi dira azken segundoetara; Codi Miller-McIntyrek, saskiratze bikaina lortuta, garaipena eman die Dusko Ivanovicen gizonei.

Maik Kotsar, ostegunean jokatutako partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Baskoniak Olympiakos menderatu du, 74-75, Pireon, Bakearen eta Adiskidetasunaren Estadioan, ostegunean, 2023-24 denboraldiko Euroligako fase erregularreko zazpigarren jardunaldian. Codi Miller-McIntyrek azken segundoan sartutako saskiratze batek eman dio garaipena Gasteizko taldeari. Dusko Ivanovicen gizonek 15 puntuko aldea zuten atsedenaldian, 35-50, baina etxekoek, bigarren zatian, markagailua irauli dute, eta aurretik iritsi dira azken segundoetara; Codi Miller-McIntyrek, baina, saskiratze bikaina lortuta, garaipena bermatu du.

Garaipen hau Baskoniak Euroligan jarraian lortutako bigarrena da, eta balio handia du. Egungo txapeldunordearen kantxan erdietsi dute Arabako taldeko jokalariek, eta behin-behinean sailkapeneko hamargarren postuan kokatu dira, hiru partida irabazita eta lau galduta. Konfiantza eman behar dio taldeari, are gehiago ikusita nola gauzatu den. Urria hilabete zaila izan da Baskoniarentzat, baina Ivanovicen gizonek burua altxatu nahi dute, eta buru-belarri ari dira lanean horretarako.

Baskonia ez da ondo sartu partidara, eta Olympiakosek, lehen laurdenean, hamaika puntuko aldea ere izan du, 13-2koan eta 20-9koan; Ivanovicen gizonak, baina, suspertu egin dira, eta, aurreneko hamar minutuak jokatuta, sei puntu zihoazen atzetik, desabantaila apur bat murriztuta. Ematen zuen Gasteizko taldea gero eta hobeto zebilela, eta bigarren laurdenean guztiz gauzatu da inpresio hori: Baskoniak segituan berdindu du (26-26), aurretik ipini da jarraian eta gerora, atsedenaldira arte, erakustaldia eman du. 32-50ekoan, 18 puntuko abantaila izan du Arabako taldeak.

Partziala, orduan, 6-30ekoa zen, bigarren laurdenean; Pireoko taldeak hirukoa sartu du azkenean, eta markagailua 35-50ekoa zen atsedenaldian, hau da, erabat baikorrak izateko moduko emaitza zuen Baskoniak. Chima Monekek, hamaika puntu sartuta, Ivanovicen taldeko onena izan da erasoan lehen hogei minutuetan, eta Tadas Sedekerskis ere bikain ibili da, zortzi puntu egin eta zortzi errebote hartuta.

Hirugarren laurdenean, Olympiakosek gora egin du, 25-17ko partziala erdietsita; horrela, Baskoniak zazpi puntuko aldea zuen azken laurdena jokatu baino lehen (emaitza 60-67koa zen orduan). Isaiah Canaan, 21 puntu eginda, eta Alec Peters, 19 puntu sartuta, ziren etxekoen mehatxu nagusiak; zaleek babestuta, markagailua estutu dute Georgios Bartzokasen gizonek. Baskoniak, baina, alde zuen emaitza, eta garaipena eskuratzeko aukera polita zuen.

Urduritasuna eta tentsioa izan dira nagusi partidako azken tartean. Baskoniak ahalegin handia egin behar izan du ordura arte egindako lanari merezitako etekina ateratzeko. Bartzokasen gizonek gogor jarraitu dute, eta goitik jarri dira, 72-71koan, amaierarako bi minutu eta erdi gelditzen zirela. Monekek 72-73koa ipini du, eta Matt Costelloren tapoi batek egoera onean utzi du Baskonia minutu bat geratzen zela, baina Greziako taldeak, 74-73koa sartuta, eskura zuen garaipena. Orduan, jokatzeko soilik zazpi hamarren zeudela, Miller-McIntyrek partida erabaki duen jaurtiketa sinatu du.

Fitxa teknikoa

74 – Olympiakos (26+9+25+14): Walkup (-), Canaan (23), Papanikolaou (6), Peters (22) eta Fall (10) -hasierako taldea-, Williams-Goss (4), Lountzis (-), Larentzakis (7), Brazdeikis (2) eta Milutinov (-).

75 - Baskonia (20+30+17+8): Miller-McIntyre (4), Howard (11), Raieste (2), Sedekerskis (12) eta Costello (7) -hasierako taldea-, Chiozza (5), Kotsar (4), Marinkovic (10) eta Moneke (20).

Epaileak: Ilija Belosevic (Serbia), Jakub Zamojski (Polonia) eta Kristaps Kostantinovs (Letonia). Ez dute inor kanporatu.

Gertakizunak: Euroligako zazpigarren jardunaldiko partida, Pireoko Bakearen eta Adiskidetasunaren Estadioan. 8.127 ikusle izan dira.

 

Albisteak (3)