13. JARDUNALDIA
Baskoniak Izar Gorria hartu du mendean (87-85), eta goraka jarraitzen du Europan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Laugarren tokian kokatuta da Euroligako sailkapenean, 8 neurketa irabazita eta 5 galduta, eta Monakorekin berdinduta dago.
Baskoniak Izar Gorria gainditu du ostiral honetan, Euroligako hamahirugarren jardunaldian, eta gora egiten jarraitzen du Europan; izan ere, Dusko Ivanovic arabarren aulkira bueltatu zenetik neurketa bakarra galdu du txapelketa horretan.
Rokas Giedraitis Baskoniako jokalari ohiak partida bikaina jokatu arren (24 puntu sartu, 6 errebote harrapatu eta 24ko balorazioa lortu), gasteiztarrek eutsi egin diote serbiarren azken bultzadari, nahiz eta bisitariek berdindu egin duten lehia bederatzi segundoren faltan. Haatik, Tadas Sedekerskisek gauzatutako bi jaurtiketa librek hiru puntuak Buesa Arenan geratzea ahalbidetu dute. Lituaniarra izan da etxekoen aldetik jokalaririk nabarmenena, 18 puntu, 8 errebote eta 24ko balorazioarekin.
Baskoniak asko sufritu du aurkariaren erasoko errebotearekin, Belgradekoek 20 baloi eskuratu baitituzte etxekoen uztaipean; dena den, ez diete utzi markagailuan aurretik jartzen norgehiagoka guztian zehar.
Horrenbestez, gasteiztarrek sailkapeneko laugarren postura egin dute jauzi, 8 partida irabazita eta 5 galduta. Hori bai, Baskonia bosgarren postuan dagoen Monakorekin berdinduta dago.
Fitxa teknikoa:
87 - Baskonia (26+26+15+20): Miller-McIntyre (4), Marinkovic (9), Díez (2), Sedekerskis (18) eta Kotsar (6) –hasierako bostekoa–; Chiozza (2), Raieste (-), Rogkavopoulos (14), Howard (17), Diop (-) eta Moneke (15).
85 - Izar Gorria (18+25+19+23): Teodosic (13), Nedovic (7), Lazarevic (2), Davidovac (-) eta Bolomboy (14) –hasierako bostekoa–; Giedraitis (24), Lazic (9), Tobey (5), Mitrovic (8) eta Dos Santos (3).
Epaileak: Jakub Zamojski (Polonia), Robert Vyklicky (Txekia), Steve Bittner (Alemania). Bolomboy kanporatu dute, 5. falta adierazita (40. min). Falta teknikoa adierazi diete Marinkovic (16. min) eta Howard (28. min) etxeko jokalariei.