Itxi

Euroliga

Baskoniak azken laurdenean erabaki du Efesen aurkako partida (80-87)

Agentziak | EITB MEDIA

Markus Howardek partida biribila egin du, 28 punturekin, eta erabakigarria izan da Gasteizko taldearen garaipenean.

Miller-McIntyre, aurkari baten aurrean. Argazkia: Efe.

Baskoniak 80 eta 87 garaitu du Andaolu Efes, Euroligako 16. jardunaldiko partidan, azken laurdenean egindako ahaleginari esker. Horrela, Gasteizko taldea garaipenaren bidera itzuli da, eta Efesek sailkapenean gora egiteko aukera galdu du.

Dusko Ivanovicen taldeak 9 garaipen eta 7 porrot ditu orain, eta 'Top 6'an sartzeko apustuari eusten dio. Bigarren partida jarraian jokatu dute arabarrek Euroligan etxetik kanpo, baina Makabiren aurka ez bezala, oraingoan gasolina nahikoa izan dute azken minutuetan 20 eta 30eko partziala egin eta Efesen asmo guztiak ezerezean uzteko.

Arabarren artean, Markus Howard izan da izar nagusia, neurketa biribila eginda.

Minutuek aurrera egin ahala, hobera egin du Baskoniak, batez ere Howard eta Moneke kantxan izan direnean. Hala ere, markagailuan ez da alde handirik zabaltzeko gai izan. Turkiarrak neurketan sartuta egon dira, hiruko jaurtiketetan huts ugari egin dituzten arren. Larkin Baskoniako jokalari ohia ez da espero bezain fin ibili lehen zatian.

Efeseko izarra bigarren zatian agertu da, eta guztira 23 puntu egin ditu, baina taldekideek ez dute asko lagundu. Howardek, aldiz, taldekideen babesa izan du. Hirugarren laurdenean, Larkinen eta Howarden arteko lehia izan da protagonista, baina azkenean Baskoniak argi utzi du talde indartsuagoa dela.

Fitxa teknikoa

80 - Anadolu Efes (17+19+24+20): Thompson (8), Larkin (23), Bryant (8), Osmani (8) eta Oturu (14) —hasierako boskotea—; Gazi (3), Zizic (2), Beaubois (5), Jones (4), Hollatz (2) eta Daum (3).

87 - Baskonia (17+19+21+30):
Miller-McIntyre (14), Marinkovic (14), Raieste (-), Sedekerskis (11) eta Kotsar (-) —hasierako boskotea—; Chiozza (2), Rogkavopoulos (5), Howard (28), Diop (-) eta Moneke (13).

Epaileak:
Ilija Belosevic (Serbia), Rain Peerandi (Estonia), Thomas Bissuel (Frantzia). Howard (40. min) falta pertsonalen ondorioz kaleratu dute. Efeseko Otururi falta teknikoa adierazi diote (16. min).

Albisteak (3)