Itxi

Euroliga

11 puntuko aldea alferrik galdu du Baskoniak Bartzelonaren aurkako partidako azken laurdenean (89-85)

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Dusko Ivanovicen taldeak bederatzigarren porrota jaso du Euroligan.

Howard (Baskonia) eta Laprovittola (Bartzelona), baloiagatik lehian. Argazkia: Efe.

23 punturekin, horietariko 11 azken bost minutuetan egindakoak, Jan Vesely pibotak Baskoniaren porrota eragin du, Gasteizko taldeak Bartzelonaren aurka jokatutako Euroligako partidan (89-85). Ivanovicen taldeak 11 puntuko aldea izan du azken laurdenaren hasieran (62-73, 33. minutuan).

Galtzaile atera arren, arabarrek aurpegia eman dute, Markus Howard jokalariaren gidaritzapean (21 puntu).

Bartzelonak indartsu hasi du neurketa defentsan, eta neurketako lehen aldea zabaldu du horri esker. Lehen laurdena parekatuta amaitu da, 24-23. Kataluniarrek Howardek bigarren laurdenaren hasieran izandako atsedena aprobetxatu dute aldea handitzeko, defentsan, errebotean eta erasoan egindako lan onari esker. Laprovittola maisu aritu da jokoa zuzentzen, eta Hernangomezek min egin du taulapean (34-25, 15. minutuan).

Baskonia makalen izan denean, Sedekerskisek eta Monekek aurkariaren aldea 10 puntutik ez pasatzea lortu dute. Atsedenaldian, Bartzelona aurretik joan da, 47 eta 42.

Atsedenaldiaren ostean, Baskoniak hobera egin du eta partida irauli du, erasoan jokoa ondo gidatuta.

Azken laurdenaren hasieran, Baskonia 62 eta 73 zihoan aurretik (33. minutuan), Howard eta Miller-McIntyre eta Moneke jokalariek egindako lan bikainari esker.

36. minutuan, 78-78 berdinduta zeuden bi taldeak, eta Veselyk, zortzi puntu jarraian eginda, Bartzelona aurretik jarri du berriro (84-82, 38. minutuan).

Baskoniak azken eraso bat izan du partida amaitzeko 11 segundo falta zirenean, baina Monekek ez du hiruko jaurtiketan asmatu, eta Veselyk, errebotea hartu ostean, 89 eta 85ekoa jarri du markagailuan.

Fitxa teknikoa

89. Barça (24+23+15+27): Satoransky (10), Brizuela (2), Kalinic (8), Parker (17), Vesely (23) —hasierako boskotea—; Laprovittola (-), Hernangómez (16), Parra (13) eta Paulí (-).

85. Baskonia (23+19+26+17): Howard (21), Miller-McIntyre (10), Raieste (-), Sedekerskis (14), Costello (11) —hasierako boskotea—; Díez (2), Moneke (9), Marinkovic (7), Diop (2), Chiozza (2) eta Kotsar (7).

Epaileak: Damir Javor (ESL), Milos Koljensic (SER) eta Leandro Lezcano (ARG). Howard kanporatu dute, bosgarren falta adierazita (40. min).

Albisteak (3)