Itxi

Euroliga

Baskoniak mendean hartu du Alba Berlin (88-71)

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

17 puntuko aldearekin gailendu bada ere, Dusko Ivanovicen taldeak ez du bere mailarik onena eman. Edonola ere, nahikoa izan da Euroligako azkenari irabazteko.

Maik Kotsar. Argazkia: EFE

Baskoniak 88-71 irabazi dio Alba Berlini, ostiral honetan Buesa Arenan jokatutako partidan, eta, ondorioz, Euroligan zeraman bolada txarrari amaiera eman dio, azken bost norgehiagoketako lau galdu ostean. Markagailuak alde handia erakusten badu ere, Dusko Ivanovicen taldeak ez du bere mailarik onena eman Euroligako azkenaren aurrean.

Edonola ere, partidaren lehen zatian 13 puntuko tartea egiteko gai izan da etxeko taldea, eta hortik aurrera Gasteizko taldeak ez du aparteko estuasunik izan. Codi Miller-McIntyre izan da Baskonian onena: 14 puntu sartu eta 10 asistentzia eman ditu. Alemaniako taldea saiatu da, baina asko nabaritu dute Gabriele Procida eta Johannes Thiemann jokalarien hutsunea.

Bigarren laurdenean, Albak hobera egin du, Martin Hermannsson kantxan sartu denean. Alabaina, une horretan Moneke eta Miller-McIntyre jaurtiketetan asmatzen hasi dira, eta Baskonia 8 puntuko aldearekin joan da atsedenaldira (42-34).

Hirugarren laurdenean, Baskoniak 10 puntuko aldeari eutsi dio, ia une oro, eta 20 puntura handitu da bi taldeen arteko aldea azken zatian (69-49). Markagailu horren ondorioz, Ivanovicen mutilek erritmoa moteldu dute, eta Berlinek aukera hori baliatu du aldea 8 puntura murrizteko (80-71).  

Hala eta guztiz ere, ezerezean geratu da alemaniarren azken ahalegin hori, eta partida 88-71 amaitu da. Horrenbestez, baskoniarrek play-in postuetan jarraitzen dute; Alba Berlinek, ostera, azken tokian segitzen du Euroligako sailkapenean.

FITXA TEKNIKOA

88 - Baskonia: Miller-McIntyre (14), Howard (8), Marinkovic (15), Sedekerskis (9) eta Kotsar (9) -hasierako boskotea-; Moneke (16), Theodore (2), Raieste (-), Costello (8) eta Rogkavopoulos (7).

71 – Alba Berlin: Hermannsson (3), Delow (3), Schneider (-), Wetzell (10) eta Thomas (12) -hasierako boskotea-; Koumadje (12), Mattisseck (2), Olinde (8), Samar (3), Rapieque (11) eta Brown (7).

Partzialak: 23-10, 19-24, 21-13 eta 25-24.

Epaileak: Radovic, Zamojski, Rossi. Ez dute inor kanporatu.

Pabiloia: Fernando Buesa Arena, 8.226 ikusle.

Albisteak (2)