Itxi

Euroliga

Baskoniak partida epikoa egin du Virtus Boloniaren aurka, azken segundoan irabazita (91-95)

I. R. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Arabako taldea zortzigarren postuan dago, eta Makabiren aurka arituko da. Irabazten badu, play-offetako taldea izango da, eta galtzen badu, Buesa Arenan jokatuko du Anadolu Efes-Virtus partidako irabazlearen aurka.

Markus Howard Baskoniako jokalaria, artxiboko irudian. Argazkia: EFE

Baskoniak 91-95eko emaitzarekin irabazi dio ostiral honetan Virtus Boloniari, Euroligako Fase Erregularreko 34. eta azken jardunaldiko partidan. Gauzak horrela, Gasteizko taldeak bigarren aukera izango du, play-ineko lehen norgehiagokan huts egiten badute.

Helburu horrekin kantxaratu da Baskonia Segafredo Arenan, eta bost puntuko desabantaila (17-12) neutralizatzeko gai izan da lehen laurdenean. Bigarren aldiaren hasiera parekatuagoa izan da, 22-21etik 28-28ra igaro baita, lehenengo, eta 38-38 berdindu baitu, gero. Hala ere, etxekoek aldea zabaltzea lortu dute (51-38) erasoan talde sendo baten lanari esker, baina bisitariak arin suspertu dira, eta Virtusen bolada eten, eta aldea murriztu dute atsedenaldian (53-44).

Hirugarren laurdenean, Ivanovicen taldeak gora egin du Markus Howarden eskutik, nola ez, Codi Miller-McIntyreren ondoan zuela, markagailua 74-75era irauli arte. Baskoniarrek abantaila horri eustea lortu dute azken laurdenean, aurkariei aurre eginez.

Italiarrek aldeak hutsera murriztea lortu dute, amaierarako minutu eta erdi falta zela markagailuan 90-90ekoa ezarriz. Hala ere, amaierarako 90 segundora, Miller-McIntyrek huts egin ostean, Costellok bikoa egin du (90-92). Handik gutxira, Virtusekoek puntu bat murriztu dute Mickeyren bi jaurtiketa libreetako batekin (91-92), baina, gainerako segundoetan, Baskoniak presioa handitu, eta lau jaurtiketa libreetatik hiru sartu ditu (91-95).

Taldeak:

91 - Virtus Bolonia: Hackett (11), Cordinier (-), Belinelli (15), Shengelia (8) eta Dunston (4) ¿hasierako boskotea¿; Mickey (10), Lundberg (18), Pajola (3), Dobric (3), Polonara (8), Zizic (4) eta Abass (7).

95 - Baskonia: Miller-McIntyre (16), Marinkovic (17), Moneke (12), Raieste (-) eta Kotsar (4) ¿hasierako boskotea¿; Howard (34), Rogkavopoulos (-), Costello (6), Chiozza (2), Sedekerskis (4) eta Theodore (-).

Laurdenak: 22-21, 31-23, 21-31 eta 17-20.

Epaileak: Belosevic, Pukl eta Balak. Virtus Boloniako Pajola kanporatu dute, 5. falta adierazita.

Pabiloia: Segafredo Arena, 9.267 ikusle.