Kargatzen...
Itxi

Euroliga

Baskonia eta gainerako klub jabeak 2040ra arte konprometitu dira Euroligarekin

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Indarrean dagoen akordioa 2025-26 denboraldia amaituta bukatuko da; hortaz, itun berri honek ziurtatzen du Euroligako jabeak diren hamahiru klubek 2039-40 denboraldia amaitu arte izango dutela konpromisoa txapelketarekin.

Baskoniako hainbat jokalari, 2023-24 denboraldiko Euroligako partida batean. Argazkia: EFE.

Euroligako jabeak diren hamahiru klubek, tartean Baskoniak, ziurtatu dute konpromisoa izango dutela txapelketan jarraitzeko beste hamalau urtez, hau da, 2040ko ekainera arte. Basket News atariak aurreratu du, eta EFEk Euroligatik gertuko iturriekin baieztatu ahal izan du. Informazio horien arabera, hamahiru klub jabeek akordio sindikatua sinatu dute; hauek dira: Baskonia, Anadolu Efes, Bartzelona, Fenerbahçe, Makabi Tel Aviv, Olimpia Milan, Olympiakos, Panathinaikos, Real Madril, ASVEL Villeurbanne, Bayern Munich, Zalgiris Kaunas eta CSKA Mosku (azken horrek indargabetuta du lizentzia).

Akordioak zehazten du horiek guztiak izango dira Euroligako muina 2039-40 denboraldira arte gutxienez, hau da, indarrean dagoen ituna amaitu eta hamalau urtera arte; izan ere, egun indarrean dagoen kontratua 2025-26 denboraldia bukatuta iraungiko da. Euroligak International Management Groupekin (IMG) du sinatuta akordio hori; IMGk kirol ekitaldiak antolatzen ditu, mundu mailan, eta kontratua 2015eko amaieran itxi zuten. Ondorengo hamar urteetan, Euroligak 872 milioi euro jasoko zituen.

Akordioaren arabera, txapelketa, hasiera batean, 24 talde izatetik 16 izatera pasatu zen, eta txapelketa sistema ere aldatu egin zuten. Euroligako Jabeen Batzordeak aurreikusita du ekainaren 17an eta 18an egitea bilera, Bartzelonan, Euroligako eta Eurokopako datak zehaztea helburu, bai eta Europa mailako bi txapelketa nagusi horien egutegia adosteko ere.

Albisteak (4)